Aldizkako guda hotsa

Dinastiaren aldaketa eta foruen mantentzea

Karlos II.a oinordeko zuzenik gabe hil eta Felipe Anjouko (Felipe V.a) frantsesa izendatu orduko, gerra piztu zen Austria eta Borbon errege-etxeen artean. Ez zen auzi dinastiko hutsa, aitzitik ere, nola edo hala Europako potentzia guztiek esku hartu zuten, gainbehera egon arren mundu-inperio baten kontrola ebazten zen heinean denek baitzuten oinordekotzaren auzian interesik.

Monarka berria 1701ean sartu zen Probintzian, eta Foruei zin egin zien. Euskal lurraldeek borbondarraren alde egin izanak, Aragoiko Koroakoek ez bezala (haien foru-erregimenak bertan behera utzi eta Gaztelako legeria ezarri zitzaien), zaildu egin zituen hemen aldaketa politiko eta ekonomikoak ezartzeko saioak. Hala eta guztiz ere, laster ekin zitzaion lurraldeak eta administrazioak batzeko prozesuari, bai eta merkatu nazional bat sortzeari ere. Beste zenbait neurriren artean, aduanak Ebrotik kosta eta Pirinioetara lekualdatzeko proposamena gailendu zen. Neurriak bereziki ukitzen zituen Bizkaia eta Gipuzkoa, gariaren garestitzea zekarrelako eta kontrabandoa, oso jardunbide ekonomiko zabaldua, oztopatzen zuelako. Herritarren protestak berehalakoak izan ziren, eta 1718an lehendabiziko matxinada lehertu zen. Errepresio gogorrez apalarazi arren, 1723an lehengo aduana-erregimena berrezarri zen. Probintziako erakundeak, eta zuzentzen zituen oligarkia, indarturik geratu ziren, borbondarren asmoek eragindako herritarren ezinegona beren onurarako baliatu zuten eta.



Berwik eta Donostiaren hartzea 1719an

Frantziak berak ere ez zuen luzaro iraun monarka berriari buru egin gabe, eta Borbon hispaniar-italiarrek Mediterraneoan zituzten asmo handinahiak alboratzearren, berehala aliatu zen lehengo etsai ingelesarekin. Haren ondorioz, 1719an tropek Bidasoa zeharkatu eta Hondarribia eta Donostia plaza gotortuak hartu zituzten. Historiografiak, hartaz diharduela, lehenago nozitutako setioen aldean errespetuz jokarazten zuen “gerra ilustratua” kontzeptua erabiliagatik ere, lurraldeak armadunen ondorio latzak pairatu behar izan zituen.



Mendearen erdialdeko gerrak

Nazioarteko politikak, eta haren adierazpide militarrek, Probintzia urratzen jarraitzen zuten. Borroka-tokia bertan egon gabe ere, marinelen gudarako itsasoratzeek kostaldeko herrietan iskanbila franko eragin zituzten XVIII. mendean zehar. Alabaina, tokiko erakundeak gai izaten ziren mutinak azpiratzeko, eta erregeri laguntza ematen zioten, bai tropen pasabideak antolatzen, bai desertoreak eta iheslariak harrapatzen. Areago, halako abagunean “gizatxartzat” jotakoak ere harrapatzeko aprobetxatzen zituzten, haiekin Piemonte eta Savoiako infanteriarako eskaini beharreko kupoak betetzearren.



Iraultza Gipuzkoara heldu da

XVIII. mende bukaeran, Frantziako Iraultza Gipuzkoara iritsi zen. Ondorio belikoak berehalakoak eta larriak izanagatik, garrantzitsuena izan zen XIX. mendea markatuko zuen gatazka handiaren oinarriak plazaratu zituela: harrez geroztik borroka, lurraldeen artekoa baino, ideologikoa izango zen, mugaren alde bietan baitzeuden Antzinako Erregimena nahiz Liberalismoa defenditzen zutenak.

1794ko uztailean, Konbentzioko tropek lurraldearen gehiena menpean zeukaten. Gipuzkoako agintariak neutraltasun adierazpen bat eta Probintziaren eta Errepublikaren arteko lankidetza negoziatzen ahalegindu ziren, erlijio eta foruen errespetuaren, ordena ezartzearen eta oro har bakea ekar zezaketen neurrien truke. Dena den, agintari probintzial guztiak ez zeuden ados eta Arrasaten eratutako Diputazio berriak inbaditzaileari buru egin zion. 1795ean, Basileako Bakeak Koroari itzuli zion Gipuzkoa, baina Santo Domingo uhartearen truk. Errepublikarekin negoziatzen saiatu zirenak traidoretzat jo zituzten, eta Karibeko kolonia galdu izanaren erruduntzat; areago, Probintzia osoa jotzen zen traidoretzat, eta foru erregimenaren ezabatzea aldarrikatzen hasi zen, hurrengo mendean euskal lurraldeen bilakabide politiko eta belikoa ulertzeko arazoari hasiera emanez.



Mende bukaerako balantzea

Gerrak eragin zuen suntsiketa handiak krisi betean murgildutako lurraldea jo zuen: oso populatua, nekazaritza-eredua guztiz agortua, burdingintza ia errekan, itsasoz bestaldeko jardunbidea eta beraz hari lotutako ontzigintza geldi, Diputazioa bide-egiturengatik zorpetuta, erregimen zentralista eta merkatu batuaren aldekoek eztabaidatutako foru erregimen juridikoa zalantzan. Haren guzti haren ondorio eta era berean astungarri, bandolerismoa barra-barra, jatorriz soziala eta ekonomikoa izan arren, ondoko urteetan maiz aldarrikapen politikoz kutsatua.



2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN