Arte eta Arkitektura
Barroko Gipuzkoan
Espainian eta Gipuzkoan XVII-XVIII mendeak krisi garaia izan ziren, bai demografikoa, bai soziekonomikoa eta bai politikoa, suspertze une labur batzuetan izan ezik; erlijio arloan, berriz, berrezarpen eta aurrerapen garaia izan zen Trentoko Kontzilioaren ondoren.
Bi alderdi horiek artean eta arkitekturan islatu ziren, eta eraikin berriak egiten hasi baino lehen, aurretik hasitakoak bukatu edo hobetu zituzten (salbuespen nabarmen batzuekin); estilo klasikoa nagusitu zen, ez oso distiratsua, artearen historian Barrokoari egozten zaion ornamentazio oparotasunetik urruti kasu askotan.
Arkitektura zibila
XVII.-XVIII.etan zabaldu ziren gaur egun ezagutzen ditugun udaletxe gehienak. Soilak dira, dotoreak, eta egoten diren plazei nortasuna ematen diete, orduko Eliza ahalguztidunaren aurrean indarra erakutsi nahi zuen botere zibil baten isla: Arrasate, Oñati, Astigarraga…
Garai barroko hartan kale edo baserri giroko jauregi ugari eta interesgarri samarrak ere eraiki ziren, monarkiaren itzalpean garrantzizko karguak izandakoen edota Indietan aberastutakoen eskutik. Halakoak ditugu Lazkaoko jauregia, Urretxuko Ipeñarrieta, Arrasateko Monterron, Tolosako Idiaquez, Segurako Lardizabal, eta abar.
Baserriak berak ere nabarmen eboluzionatu zuen, artoaren bertakotzeak erakarritako hazkundea zela eta. Aletu gabe artaburuan lehortu beharrak eta ukuiluan abere gehiago gorde beharrak eraikinetan aldaketak erakarri zituzten, funtzionalak gehienbat, nahiz eta armarriak ere ugariak ziren, baserriaz gain etxe noble baten orubea zela adierazteko grinaz.
Erlijio arloko arkitektura
Eliza ere, gizartearen gainerako estamentuak bezala XVII. mendeko krisiak kolpatuta, aurreko mendean abiarazitako obrak bukatzera mugatu zen, edo osagaiak gehitzera: kanpandorreak, ataurreak, ataripeak, sakristiak… XVIII. mendeko kanpandorreen eraikuntza da deigarriena, Amerikari esker lortutako dirutzen ondorio, eta ikusgarritasunaz komunitatea espazioan kokarazteko borondatearen erakusgarri: Hondarribia, Usurbil, Andoain, Oiartzun, Abaltzisketa, Aizarna, Eibar, Zumarraga, Soraluze, Bergara, Hernani, Azkoitia, Zegama…
Aparteko aipamena merezi du Loiolako basilikak (Azpeitia), barroko hutsezko Gipuzkoako eraikin bakarrak; kupula bikainak burutua da eta oparotasun handiz landua dago barnean zein kanpoan. Planteamenduan bertan, perspektiba obraren parte bat da. Koruko Santa Maria eliza ere (Donostia) nabarmentzekoa da. Batik bat Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak finantzatu zuen. Rococo estiloko erretaula-ataurrea du, Espainian eta Hispanoamerikan arrunta, baina ez Euskal Herrian. Hark ere aintzat hartzen du perspektiba, Kale Nagusiko hasieratik, hots, behiala hiriko sarbide zen tokitik, ikusia izateko pentsatua baitago.
Argibide gehiago: "Gipuzkoako Eliz ataurreak" (Bertan Bilduma).
Arkitektura militarra
Gipuzkoako hiribildu gehienetako Erdi Aroko harresiak, funtzio militarra galdu ahala, hiri-bilbean txertatu ziren bitartean, Hondarribian eta Donostian, mugaldeko hiri gotortuak zirenez gero, eboluzionatu eta baluarte-sistema oso konplexuak bilakatu ziren, gero eta setio luzeagoei eta gero eraginkorrago zen artilleriaren erasoei aurre egiteko asmoz.
Argibide gehiago: "Gotorlekuak Gipuzkoan: XVI-XIV. mendeak" (Bertan Bilduma).
Eskultura eta pintura
Eskulturan, aurreko garaian bezala, erretaulak dira nagusi. Erromanismotik barrokoranzko trantsizioan, funtsezko eragina izan zuten kanpoko eskultoreek, hala nola Gregorio Fernandezek, Pedro de la Torrek eta Bernabé Corderok, bertako artistengan eragin handia izan zuten eta. Adibide ugari eta kalitate handikoak topa daitezke.
Pinturak, ordea, apenas izan zuen garrantzirik, aurreko garaian gertatu bezalaxe. Izan ere, horma-irudi edo mihise edo oholen enkarguak edo erosketak baino gehiago, erretaulak eta eskulturak polikromatzeko joera nagusitu zen.