Baserritarturanzko birmoldaketa ekonomikoa
La revolución del maiz
Ez dago ulertzerik birmoldatze ekonomiko eta sozial itzel hura, erregimen juridiko eta politikoa eztabaidatu beharrean berretsi zuen hura, Amerikaren eragina aintzat hartu gabe. Batetik, harantz abiatu zelako hemen ogibiderik ez zuen jende asko, eta hango irabaziak hemen baserriak eta bestelako egitura ekonomikoak zaharberritzen edota berriak egiten inbertitu zirelako. Baina, batez ere, nekazal iraultza haren protagonistak amerikar jatorriko elikagaiak izan zirelako. Euskal gastronomiaren produkturik tipikoenak handik iritsiak zaizkigu: piperra, txokolatea, tomatea, indaba (Indiako baba), patata. Oinarri ekonomikoa, ordea, beste produktu batek protagonizatu zuen, gaur egun gizakien elikagai gisa anekdotikoa bada ere: artoak. Barandiaranek jasotako “elkarrizketa” mitifikatuak ederki laburbiltzen du prozesu historiko oso bat: “ni naiz belarretan onena”, zioen gariak; “ni naizen tokian, goserik ez”, erantzuten zion artoak. XVII. mendean zehar Euskal Herri Hezean hainbeste hedatu zen artoaren laborantza ezen, goseteak saihestu ez ezik, hazkunde demografikoa ere erakarri baitzuen.
Otros implicados e implicaciones
Arrakastaren gakoa, nekazaritzarako lursailen handitzean baino gehiago, landareak lurrak intentsiboki lantzeko ematen zuen aukeran zetzan. Hortaz, artoaren ereite eta uzta zikloa beste landare batzuekin konbina zitekeenez, lurrak ez zuen atsedenik behar izaten eta gehiago ekoizten zuen: bazkarako ere balio zuenez, arbiarekin batera abere gehiagori jaten emateko modua zegoen, eta abere gehiagok ematen zuten gorotz gehiagok, karearekin batera, lurraren ongarri zirenez gero, soroak etengabe lantzeko modua ematen zuten. Prozesu hartan garrantzi handia izan zuen laiaren hedapenak: lehenagotik ezaguna zen eskuzko golde xume hark luberritzen hasitako aldapa handiko lurrak iraultzea ahalbidetzen zuen.
Artoa irin bihurtzeko, errotak ugaldu ziren, eta haietako askok olen energia hidraulikoa baliatzen zuten. Baserrien arkitekturan ere eragina izan zuen, haietako askok espazioa zabaldu behar izan baitzuten artaburuak gorde eta lehortu ahal izateko.
Nekazaritza eta abeltzaintzako eredu berri haren arrakasta ez zen ezbaian jarri gutxienez XVIII. bigarren erdialdera arte, baina orduan krisia eta aldaketak esparru zabalago baten baitan gertatu ziren.