Gipuzkoar Ilustrazioa
Euskal Herriko Adiskideen Errege Elkartearen
Euskal Herriko Adiskideen Errege Elkartearen ernamuina Azkoitiko Insausti jauregian ospatzen ziren tertulietan bilatu behar da. Peñafloridako Kondeak bultzatu zituen, 1746an, Frantziatik itzuli ostean. Europan sortzen ari ziren akademia erudituen antzera, Elkartea 1764ko abenduan sortu zen ofizialki. “Zientzien eta arteen gustua lantzea, ohiturak zuzendu eta leuntzea, nagikeria eta ezjakintasuna kanporatzea” zuen helburu. Elkarri oratutako hiru eskuren marrazkia eta, haien gainean idatzirik, “Irurac Bat” esaldia zen Elkartearen dibisa, hiru probintzien anaitasunaren erakusgarri.
Jarduera esparruak
Arlo ekonomikoan, bizirauteko gai behar-beharrezkoenak merkatzearren, nekazaritzaren erreforma gauzatu nahi zuen. Burdinolen erreforma ere proposatzen zuen (fanderiak), ekonomiaren dibertsifikazioa, eta ikerketa esperimentala. Bascongadak (hala ezagutzen zen orduan, eta gaur egun) beste eremu bati ere ekin zion, kulturari, hezkuntzaren berrikuntzari bereziki. Emaitzarik onena Bergarako Errege Seminarioa izan zen. Lehen Hezkuntzan, aldiz jarrera teorikoagoa zen praktikoa baino: gutxieneko irakaskuntza baserritar eta eskulangileen semeei eta emakumeei zabaltzeko beharra aldarrikatu bazuten ere, ez zuten hartarako eskolarik fundatu. Higieneaz ere kezkatu ziren, eta baztangaren aurkako txertoa dibulgatzeaz gain bestelako neurriak hartu zituzten. Ekarpenik handienen artean Seminarioa bera dago; hantxe bakartu zuten Elhuyar anaiek wolframioa. Kide inportante bat Samaniego fabulagile arabar ospetsua izan zen, Peñafloridaren iloba.