Arditurriko meategiak

Arditurriko erromatar meategiaren sekzioa ©  Arkeolan Fundazioa
Zilar minerala
Lucerna, erromatarren argi-kriseilua

Eskualdeko azken belaunaldietako biztanleentzat, Arditurriko meategiak aipatzeko, nahikoa da “meategiak” esatea, inguruko azken meategiak eta handienak izaki. Dena den, aspaldi honetako ikerketek argi eta garbi utzi dute XX. mendeko ustiakuntzaren azpian multzo interesgarri eta batik bat zahar-zaharra gordetzen zela, oso inportantea erromatarren garaian ere. Ustiakuntzen tamainaren handiaz ohartarazteko, 1803-04an Thalacker ingeniariak kalkulatu zuen 400 lagunek 200 urtetan indusketan jardunda ere ez ziratekeela gai izango aurkitu zituen gutxienez 42 galeria eta 82 meazuloak ustiatzeko.

Erromatarren etorrera baino lehen ere bertako biztanleek tokia ustiatzen zutela pentsatzea zilegi den arren, obra handien garapena behintzat Behe Bidasoako Oiasso civitas delakoaren garapenarekin lotua egongo zelako hipotesia da hedatuena. Zilardun galena zen erromatarren intereseko mea, handik zilarra lortzearren. Garai hartatik iritsi zaizkigun galeriak bi motatakoak dira: mea-zaina ikusteko moduan zenean, haren norabidean erauzten jarraitzen zen, eta gero hormak berdindu egiten ziren, olio-kriseiluz argitutako bi metro garai eta metro bat zabaleko galeria obalak eginez; zaina bilatu behar zenean, aldapa handiko galeriak egiten ziren harmailen bidez, harik eta zaina aurkitu eta orduan zuzen iristeko galeria berria irekitzen zen arte.

Erromaren gainbeheraren ondoren, ustiakuntza mota aldatu zen, eta Erdi Aroan bilatzen eta erauzten zen mea burdina zen, haraneko olak hornitzearren. Mendeetan jarduerarik gabe egon eta gero, XVIII. mendearen bukaeran Oiartzungo bertako Sein familiak berriro erauzteari ekin zion, beruna bilatu nahian. 1830ean, Meategien Gipuzkoako Konpainiaren aldetik meategiak jaso zuen bultzada berriak aurreko galeria askoren desagertzea ekarri zuen. XX. mendearen hasieran Chavarri Anaien Konpainiak meatzaritzarako emakida bereganatu eta burdinbide bat eraiki zuen, eta orain ikus dezakegun eran berdindu zuen lurra. 1965 arte, burdinbidea Pasaiako portuan bukatzen zen, egitura handiko zama-lekuan. Fluorita eta blenda izan ziren azken aldian erauzitako meak, ez galerietan, baizik eta Santa Barbara eta Otsamantegi izeneko harrobi zabaletan.

Lehengo burdinbidearen ibilbidea gaur egun bidegorri bihurtua da. Meategiak publikoarentzat zabalik eta bisitatzeko moduan daude.

Argibide gehiago:  http://www.arditurri.com/


2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN