Piratak eta kortsarioak

Migel Iartzagarai kapitainaren kortsorako bermea. Hondarribia, 1696
Kortsarioen marrazkia (J.P. Tillac)
Kortsarioen marrazkia (J.P. Tillac)

Gipuzkoa osoa lehen mailako kortsario-gunetzat hartua izan da, batez ere armadore donostiarrek sustatutako kortsario-ontzidiengatik. Kortsoa legezko jardunbidea zen, non eta erregek sinatutako agiriaz egiten baldin bazen, eta, noski, agiriaren sinatzailearen etsaien ez beste inoren kontra bideratua bazegoen. Gerretan, bada, beste baliabide beliko bat zen. Armadoreentzat inbertsio arriskutsua zen, baina oso errentagarriagoa, arrakastatsua suertatuz gero; kortsarioentzat berentzat, seguruenik, besteak bezalako aldi bateko lanbidea izango zen.

Kortsarioek, eskuarki, bi modalitatean jarduten zuten: etsaien aurka mugarik gabe aritzea ahalbidetzen zien kortso-baimenaz, eta errepresalia-agiriaz, kortsario etsaien biktima izandako ontzijabeei luzatuta, galerak baliabide berberaz berdin zitzaten.

Gipuzkoan, kortso-baimenen emakida erregeren eskumenari zegokiola eztabaidatzen ez bazen ere, harrapakinen banaketaren inguruan gatazka franko sortu ohi zen, eta gipuzkoarrak auzibidez ere ahalegindu ziren Probintziako Kapitain Jeneralak banaketan parte izan ez zezan. Kortsoa, edo zuzenean gerra, nork nola egin zezakeen interpretatzeko tenorean ere ika-mika ugari pizten ziren. XVI. mendean, batez ere Felipe II.aren erregealdian, euskal kortsoak nozitu zuen atzerakada galantak zerikusia izan zuen monarkak zuzenean beren Armadei kortsoa praktikatzeko eman zizkien erraztasunekin. Batzar Nagusiek berek ere protesta egin zuten Zubiaur jeneral armadaburuaren ekintzen legaltasuna duda-mudazkoarengatik, haren ontzidiak lehia zuzena egiten baitzien kortsario ez militarrei. Antzeko kexuak gertatu ziren Lau Hiribilduetako kortsario kantabriarren jarrerarengatik. Protestek izaera instituzionala hartu izanak salatzen du norainoko garrantzi ekonomikoa zuen kortsoak.

XVIII. mendean, Caracaseko Konpainiari esker emandako amerikar trafikoaren berpizkundeak urrezko aro berri bat erakarri zion gipuzkoar kortsoari. Izan ere, kortsoa zen erakundeak kontrabandoa borrokatzeko erabiltzen zuen metodoa. Ez zen bazterreko jarduera, merkataritzaz apartekoa, aitzitik ere, ontzidia eta antolamendua kortsoa gogoan izanda prestatzen ziren. Areago, Konpainiak eskifaia bikoitzeko barkuak pleitatzen zituen: lehena merkatal marinelena zen; bigarrena, kortsario edo kostazainena, kontrabandisten ondareak bahitzen zituena, eta aurrekoa baino errentagarriago izan ohi zena.

Argibide gehiago : "Korsarioak eta Piratak" (Bertan Bilduma)


 

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN