Nabigatzaileak eta aurkitzaileak
Bale-arrantza zela, bestelako arrantza zela, Iberiar Penintsularen eta Mendebal Europaren arteko komunikazio gero eta sarriagoa zela, nabigazioa guztiz jardunbide arrunta izan zen euskal kostaldeko biztanleen artean, batik bat XV. mendearen bigarren erdialdean abiarazi eta Amerikaren konkistarekin areagotu zen hazkunde ekonomikoaren ariora.
Hortaz, Kolonen lehendabiziko espedizioez geroztik, euskal itsastarrek biziki parte hartu zuten amerikar kanpainan, hain biziki ezen itsas kontuetan erreferente bihurtu baitziren. Kolonek baliatu zuen euskal partaidetzaren artean, Santa Maria karabelaren eraikuntzaz gain, Juan de la Cosa edo Juan Vizcaino aipatu behar da, itsasontziaren jabea eta kartografo gailena baitzen. De la Cosaren kartografia-ezagupenak Kolonen hirugarren bidaian (1498) geratu ziren nabarmen, gero Kolonbia eta Venezuela izenez ezagututako kostaldearen profila lehen aldiz berak marraztu zuen eta. De la Cosak 1500ean bukatu zuen mapa, Amerikako lehena.
Harekin batera, Kolonen eskifaietan zeuden euskaldun askoren artean, debatar bat bazela badakigu, Juan Martin Azoke, eta laugarren bidaian Kolonek getariar baten itsasontziak baliatu zituela ere badakigu. Luis Arriaga izeneko bat Santo Domingora joana zen Kolonen bigarren bidaian, 1493an, eta 1501ean uhartea 200 euskaldun ezkondurekin kolonizatzeko kapitulazioa eskuratu zuen Isabel Katolikoarengandik. Osorik betetzerik ez bazuen ere, familia batzuk han bertakotzea lortu zuen. La Española denetariko espedizioen basea zenez, kontinente berrira zihoazen euskaldun asko handik igaro ziren. Juan de la Cosak, Lope Olanok, Juan Martinez Zamudiokok eta Pedro Arbolantxak, adibidez, interesak zituzten bertan. Haietako asko merkatariak ziren, eta Sevillan bertakotutako euskaldunen ordezkariak; 1519an halaxe agertzen zen, adibidez, Elkano.
Mexikoren konkistan ere, Cortesek, mexikar udala antolatu zuenean, Leintz-Gatzagako Juan Otxoa Elexaldeko aguazil nagusi izendatu zuen, eta Martin de San Juan irundarra ere, Juan Garairekin joandako ontzi-maisua, bertan egon zen.
Euskal jatorriko nabigatzaile eta esploratzaileak hain ugariak izaki, ez zen harrigarri haietako batzuek, nabarmendu ez ezik, nabigazio eta esplorazioen munduan zenbait mugarri ere ezarri izana. Elkano, adibidez, lurbira osoa egin zuen lehena izan zen, hainbat urte itsasoan emanda. Magallanesen espedizioan erroldatu aurretik kargurik bete gabea izan arren, Cisneros kardinalak afrikar kostaldean antolatutako kanpainan parte hartua zuen; beraz, itsas kontuetan bazuen eskarmenturik. Munduari egindako lehen bira hartan, XVI. mendeko euskal ekonomiaren arlo zenbait agerian geratu zen: ontzigintza bera (“Victoria” itsasontzia, bueltatu zen bakarra, Zarautzen 1515ean egina zen) eta itsastar bokazioa, Elkanoz aparte, biziraun zutenetako batzuk ere euskaldunak ziren eta.
Beste aldetik, Miguel Lopez Legazpiko zumarragarrak eta Andres Urdaneta ordiziarrak berebiziko garrantzia izan zuten Filipinetan (Felipe II.arengatik eman zieten izena uharteoi). Legazpik gaur egungo hiriburua, Manila, 1571n fundatu zuen. Urdaneta, lehenago egindako espedizioei esker, 1565ean Mexikora itzultzeko arruta aurkitu zuen, ekialdetik zetozen aliseo haizeak saihestuz eta itsas lasterrak baliatuz.
Domingo Martinez Iralako bergararra Buenos Airesen lehen fundatzaile Pedro Mendozaren jarraitzailea izan zen, 1536 inguruan. Mendoza Gaztelara bueltatutakoan, Irala buru geratu eta udalbatza bat sortu zuen. Bertakoekin harremanak finkatu eta kazike baten alaba batekin ezkondu zen. 1554an Rio de la Platako gobernadore izendatu zuten. Irala gaztelar kolonizazio eta konkistaren eredu baten adierazpidea da, bertakoekin elkartu eta gizarte kriollo berri bat ezartzekoa, hain zuzen.
Pedro Ursua nafarraren eta Lope Agirre oñatiarraren abentura, ordea, Amerikaren esplorazio eta konkistaren beste aldea da: Eldorado mitikoaren bila zebiltzala, espedizio hartan bertako indigenen kontra edo haiekin aliatuta gudukatzen zuten, egoeren arabera, haien barne-borroketan bezalaxe. Agirre izan zen Ursua espedizio-buruaren hiltzaileetariko bat. Landa maisu izendatuta, Juan Agirre oñatiarraren eta beste herrikide zenbaiten laguntzaz, On Fernando de Guzman Peruko printze izendatu nahi zuen. Hartara, Felipe II.arekikoak egin eta printze berria goretsi zuten, behin Peru konkistatutakoan sarituko zituelakoan. On Fernandoren agintaldiak bost hilabete iraun zuen. Agirre hiltzeko konspirazio bat zegoela eta ez zegoela, gorabehera franko zegoen esploratzaileen artean. Laster, konspiratzailetariko batzuk akabatuak izan ziren, eta Agirre geratu zen jaun eta jabe espedizioan. Alabaina, errepresioen eta barkamenen jokoak desertzioak erakarri zituen, eta azkenean Agirrek bere burua entregatu zuen. Orduantxe, entregatzeko tenorean, bere gizonek bi tiroz hil eta gero gorputza zatikatu egin zuten.