Harresien eraistea eta Donostiako lehen zabaltza

"Onartutako planoaren zati bat". Donostiako zabalgunerako proiektua 1865
“Donostia (Espainia, Gipuzkoa), itsas bainuak, arrada, 1863 baino lehen” (Didier Petit de Meurville)
“Donostiaren ikuspegi orokorra. Bertan elkarrizketatu ziren Ingalaterrako eta Espainiako erreginak” 1889

Donostiaren izaera militarrak, alegia, gotortua egon beharrak, muga latzak ezartzen zizkion hiri-hazkuntzari. Izan ere, militarren beharrizanek, harresi barruan ez ezik, harresiz kanpoko San Martin auzoan ere izugarri murrizten zuen hirigintza, harresi parean egindako eraikuntzak etsai hipotetiko batek balia litzakeelakoan.

Lehenengo Gerra Karlistaren ondoren, hazkunde demografikoak eraman zituen agintariak lehen aldiz harresia eraisteko beharra planteatzera. Mendearen erdialdean, Donostiak 15.000 bizilagun inguru zituen, haietarik 10.000, 10 hektareako harresi barruan, gainerakoak San Martin, Antigua, Astigarraga, Herrera eta beste auzoetan. Garatzeko beharra zela eta, 1863ko apirilaren 22an harresiak eraisteko baimena erdietsi zen, zeren eta, Errege Aginduaren arabera, hiriak gerrako plaza izateari utzi baitzion. Eraispenak espazioa arindu ez ezik, Donostiaren hirigintza, eta harekin garapen ekonomiko eta soziala, bultzatu zuen.

Urte hartan bertan egin zen Hiria Zabaltzeko Proiektu Lehiaketa baterako deialdia. Antonio Kortazar arkitekto irabazlearen hasierako planari jarraiki, Zabaltzaren eta geroko handitzeen azalerak 70 hektarea hartuko zituen. Bi urte geroago, 1865ean, “Donostiako Hego-Zabaltza” eraikitzen hasi ziren, ez, ordea, eztabaida latzik gabe. Kortazarren proiektuak hiri zaharraren aldamenean eraikinak altxatzea aurreikusten zuen; baina han zumardi bat egitea ere proposatu zen, alde zaharraren eta zabaltza berriaren artean espazio publiko bat uzteko. Eztabaidak hiria bitan banatu zuen. Zumardiaren aldekoek eta aurkakoek esku-orri eta liburuxka ugari plazaratu zituzten, zeinek bere argudioen alde. Azkenean, udalbatzan egindako bozketa berdinduta, alkatearen botoak ebatzi zuen zumardia egitea, gaur egungo Bulebarra.

Bigarren zabaltza, hau ere Kortazarrena, 1873 eta 1882 artean egin zen, Prim kaleraino. Hirugarren zabaltza Goikoa arkitektoak proiektatu eta eginarazi zuen, 1883 eta 1886 bitartean, Easo kaleraino. 1894an hasi ziren Gros edo Zurriolako zabaltza egiteko lanak, Urumea ibaiaren eta Ulia mendiaren artean hedatzen ziren hondartzetan. Geroago, garapen industrialaren lehen fasean, ibaiaren eskuinaldea hiritartzera jo zen, Gros eta Egiako langileen auzoak eraikita, ezkerreko ibaiertza, oraingo Amara auzoa, hiritartzen zen denbora berean.

 

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN