Donostiaren erreketa eta berreraikuntza

"Donostia hiriaren gaineko oldarra, 1813ko abuztuak 31" (W. Heath. 1815)
"Donostiako gotorlekuaren planoa, britainiarrek, portugaldarrek eta haien alde zeuden bertakoek 1813an egindako erasoaldia erakusten duena"  (James Wyld. 1840)

Donostiar historian, ba ote dago bertako biztanleentzat tropa napoleondarren aurkako independentzia gerraren testuinguruan 1813ko abuztuaren 31n nozitutakoa baino gertakari zirraragarri eta tamalgarriagorik? Erasoa, bortizkeriak, bortxaketak, sutea eta hiriaren suntsiketa urtero gogorarazten dute orain Alde Zaharra deneko bizilagunek, jai xume hunkigarrian.

1813ko udan, Donostia eta Iruña ziren frantsesen esku jarraitzen zuten hiri gotortu bakarrak; beraz, lehenbailehen azpiratu beharreko jomugak. Alabaina, Mendizabalek zuzendutako tropak, Aranguren, Larreta eta Calbetonen hiru batailoi gipuzkoarrak lagun izanagatik ere, ez ziren etsaiak kanporatzeko gauza, eta tropa anglo-portugaldarrek beren gain hartu zuten operazioa. Lehenago bonbardatu eta San Bartolomeko gaina hartu arren, plazako gobernadoreak uko egin zion inolako akordiori. Uztailaren 22an, harresian bretxa bat egin zuten (gaur egun toponimo bihurtua), eta beste arraildura bat ere bai, eta harresia minatzeari ekin zioten. Uztailaren 25eko erasoari egin zitzaion defentsa sarriak sekulako sarraskia eragin zuen erasotzaileen artean, hainbestekoa ezen frantsesek berek zaindu baitzituzten ingeles zaurituak.

Ingelesek, orduan, erabateko blokeoa ezartzea erabaki zuten. Azken asaltoa abuztuaren 31n egin zen, artilleriaz lagundua eta lehenago irekitako bretxak baliatuta. Frantsesen temak eta bigarren defentsa-lerroak berriro galarazi zuten hiriaren hartzea. Bazirudien ingelesek berriro jipoia hartuko zutela; baina bolborategi baten eztandak defentsa-lerroa hankaz gora jarri zuen. Leherketak, erreserbako frantses troparik ezean, erasoaren egoera irauli zuten. Frantsesek ez zuten barnealdeko guneetara atzeratzeko betarik ere izan, eta zuzenean babestu ziren Motako gazteluan: hiria ingelesen eta portugesen esku geratu zen.  

Biktima militarrez gain, bazen bestelako galerarik: zibilena, arpilatzea, artxiboaren erreketa, etxeen suntsiketa… Eta, haien buru, erasotzaileek hiriari su eman zioten, gaur egun Abuztuaren 31 izenez ezagutzen dugun kalea besterik ez baitzen salbatu. Suteak iraun zuen egunetan, hiriko 7.000 bizilagunetatik, beharbada 3.500 edo 4.000 lagun atera ziren bizirik, gosez eta biluzik.

Irailaren 8an, biziraun zuten auzoak Donostia ondoko Zubieta herrixkan bildu ziren. Hartu zuten ebazpenak mugarriarena egin zuen hiriaren historian, hutsetik berreraikitzea erabaki zuten eta. Hondakinak altxatzeko lanak berehala hasi ziren. Abenduan eratua zegoen berreraikitzeko lanez arduratuko zen Obren Junta.

Pedro Manuel Ugartemendia, sona handiko Silvestre Perez arkitektoaren dizipulua, izan zen hirigintza-proiektuaren arduraduna, eta Udalari 1814ko maiatzean aurkeztu zion. Carlos Sambriciok esandakoaren arabera, Donostia balio militarraz gabetzen zuen, eta hiriaren izaera komertziala sendotzen. Lehengo trazatuaren gainean (erdiko plaza laukizuzena eta ortogonalki ebakitako kaleak) berreraikitzea proposatu beharrean, hiri-bilbe berria zortzi aldeko erdiko plaza baten inguruan altxatzea aurreikusten zuen: hantxe kokatuko ziren zerbitzu publikoak, eta hartantxe bilduko ziren izarrean zabaldutako zortzi kaleak. Multzoaren inguruan, oinarri laukizuzeneko trazatua. Proiektua ez zen Udalbatzaren gogoko izan, batez ere orubeen jabeen presioengatik. Hala, bada, aurreko planoaren gaineko berreraikitzeari ekin zitzaion, kale batzuetan aldaketa arin batzuk eginda.

Erabateko berreraikuntza lanak 1849 arte luzatu ziren. 1857an hasi ziren harresiak eraisteko negoziazioak.
 

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN