Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarra

Itsasontzi baten grabatua, "Chiloe uharteak ezagutzeko bidaiaren eskuizkribuko" marrazkiaren arabera (Jose Moraleda, 1790) © Madrileko Museo Naval
Caracaseko Errege Konpiania Gipuzkoarraren akzioa. 1766
Konpainiaran Faktoria-Etxeko fatxada Caracaseko La Guairan. 1791 © Indietako Artxibo Orokorra (Sebilla)


1728ko irailaren 25eko errege-agiriaz, Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarra eratu zen, Espainiako Erresumaren eta Venezuelako probintziaren elkarrekiko merkataritza egiteko pribilegioa emanez. 1785era arte luzatu zen, hau da, Filipinetako Konpainia gisa birfundatu arte. Gipuzkoako Konpainiaren sustatzaileen helburuak argiak ziren: Gipuzkoako Probintziaren eta Donostiako Kontsuletxeko merkatarien aldetik, Venezuelako kakaoaren komertzioa berenganatzea -ordura arte holandarren eskuetatik iristen baitzen, garesti iritsi ere-, eta kolonietan manufakturak saltzea; erregeren aldetik, arrotzek, holandarrek batik bat, Caracaseko kolonian egiten zuten kontrabandoa borrokatzea. Gainera, enpresak aurrera egiten bazuen, Errege Ogasunaren diru-sarrerak ere gehituko zituen.

Konpainiaren merkatal tratua honako elkartruke honetan oinarritzen zen: joateko bidaian, Pasaiako edo Cadizeko badiatik ateratzen ziren itsasontziek euskal burdinazko gaiak, denetarikoak (iltzeak, aizkorak, goldeak, erremintak…), mertzeriazkoak eta Andaluziako nekazal produktuak (olioak, olibak, ozpina, edari biziak) garraiatzen zituzten, bai eta Frantziako ardoak, edari biziak eta irinak ere. Caracasetik bueltan, ezbairik gabe generorik gehiena eta inportanteena kakaoa zen, baina ez bakarra, aldiro-aldiro kafea, azukrea, kotoia, tabakoa, larru onduak ere iristen baitziren, gehienetan Holandara bidaltzeko.

1730eko uztailaren 15ean, Konpainiaren benetako operazio-basea zen Pasaiako portutik atera ziren lehendabiziko hiru barkuak, San Joaquin eta San Ignacio fragatak eta Santa Barbara galera, guztira 86 kanoi eta 561 laguneko eskifaia. Bai itsasontziak bai zama europar plazetan aseguratu ziren, hurrengo bidaietan egiten jarraitu zen bezala. Hiru hilabete geroago laugarren itsasontzi bat abiatu zen, zama handiko fragata bat. Lehendabiziko merkatal harremanek ikaragarrizko mozkinak eman zizkioten Konpainiari, lau barku haietarik Penintsulara itzulitako lehendabiziko biek 80.000 anega kakao ekarri baitzituzten, 10na pesotan erosi eta Espainian 45na pesotan salduta, guztira 738.000 pesoko etekin garbia eman zutenak.

1734an, Gipuzkoar Konpainiak akziodunei (Espainiako erresuman akzio bidez antolatu zen lehendabiziko konpainia izan zen) jakinarazi zien bazituela bederatzi itsasontzi, komertzioa handitzeko egiten ari zen ahaleginaren erakusgarri. Iraun zuen bitartean izandako 70 barku baino gehiagok Gipuzkoa, Cadiz eta Venezuela arteko elkartruke arin eta etengabea ahalbidetu zuten. Konpainiak bere ontziola Pasaian zeukan, eta handik atera ziren ontzien erdiak. Atzerriko barkuak pleitatzera ere jo zuen, gerrek edo bestelako inguruabarrek hala aholkatzen zutenean.

Marinel eta ofizial gehienak gipuzkoarrak ziren. Halaber, Pasaiako badiako biztanle asko baliatu zen itsasontzien eraikuntzak ontzioletan eragindako lanaz. Konpainia, bada, lortutako merkatal etekinetatik harago, gipuzkoar ekonomiaren benetako bultzatzailea izan zen, hainbestekoa ezen Larramendi jesuita kexu azaldu baitzen kostaldeko herriak arrantzarako gazterik gabe geratzen zirela, Gipuzkoar Konpainiak erakarrita.
 

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN