Donostia: agian, erromatarren fondaco bat

Donostiako Santa Teresa komentuko gune arkeologikoan aurkitutako zeramika erromatarra ©  Arkeolan Fundazioa
Donostiako Santa Teresa komentuko gune arkeologikoan aurkitutako iltze erromatarrak ©  Arkeolan Fundazioa
Erromatar garaiko aztarnen kokapen mapa (Donostia)

Bizkaiko Golkoan zegoen erromatarren itsas kabotaiako arruta, testu klasikoek aipatua, orain material arkeologikoek berretsi dute. Ederki dokumentatua dago Burdigala (Bordele), Oiasso (Irun) eta Flaviobriga (Castro Urdiales) artekoa; baina kabotaiako nabigazioak, gauak lehorrean pasatzen zirenez gero, tarteko asentamenduak ere eskatzen zituen. Gipuzkoako kostaldean pentsatzekoa da Pasaiako badia eta Oiartzun ibaia, Donostia, Orio, Getaria eta Zumaian bazirela ainguratokiak, portu naturalak dira eta.

Erromatar nabigazioaren ezaugarriak ezagututa, badiaren eta ibaiaren arteko Donostiako konfigurazio fisikoak (Santa Klara uharteak babestutako badia naturala; Urgull mendiak babestutako ainguralekua, portu gisa ere erabilgarria) sinesgarri egiten du tokia erromatarrei interesgarri izango zitzaiela eta kabotaiako beharrizanak asetzeko asentamendu bat sortuko zutela ondorioztatzea. Halaber, Añorgako eta Urumeako errekek ibai bidezko ustiakuntza ekonomikoa ahalbidetzen zuten, elikagaiak eskuratu ahal izateko (arrain mota asko) eta nabigagarriak zirenez barnealderaino iritsi ahal izateko, intereseko gaien bila, Erdi Aroan garbi geratu zen bezala.

Urgull mendiaren magalean egindako aurkikuntzek hipotesi hori indartu dute, nahiz eta haietako batzuk testuingurutik kanpo egon (hau da, behar luketen geruza arkeologikoetatik at). Gure aroko I. mendearen bukaeran edo II.aren hasieran Errioxatik ekarritako zeramikak aurkitu dira, baita K.o.-ko txanponak ere. Donostiako Alde Zaharreko beste zenbait tokitan egindako indusketek I. eta IV. mendeen arteko aztarna zeramikoak agerrarazi dituzte.

Erromatarren garaiko aurkikuntzen artean, azpimarragarriak dira Santa Teresa komentukoak: Goi Inperioko (K.o.-ko I.-II. mendeetan) eraikuntza-gaiak, hainbat zeramika mota, beira eta beste gauza batzuk. Kontxako hondartzan eta badian ere topatu dira erromatar garaiko materialak: K.o.-ko II. mendeko ardo-anfora baten pusketak, harrizko aingura triangeluarren aztarnak, bertako zeramika arrunta eta Goi Inperioko txanpon bat. Alegia, arrazoizkoa da gure aroko mende batzuk baino lehenago eta Antzinaroan Donostiaren inguruan kokalekuak izan zirela pentsatzea: bata, erromatarren aurrekoa, barnealderago; bigarren bat, Urgull mendiaren oinetan, kabotaiako nabigazioari eta badiaren berezitasun geoestrategikoari buruzko hipotesia bermatuko lukeena.  

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN