Probintziako bideak
Aspaldi honetan Gipuzkoako ikerketa historikoen artean, emaitza gehien ekartzen ari direnetako bat bideen historia da.
XIII. mendetik aurrera hiribilduak garatu arte, Oria Beherea eta Urumea Nafarroarekin lotzeko asmoz trazatutako bide-sarea agertzen zen, Aralarren barrena batez ere, eta sare hartarik abiatzen ziren adarrak, mendateen bitartez: itsasertzeraino Andatzarratetik, Bergararaino Goierri eta Urola Garaitik… hein handi batean abelbideei jarraiki. Mendate nagusiez gain, haranen arteko pasabideak ere baziren, gazteluen zaintzapean, eta aztarna erromanikoak geratu zaizkigu, haien lekuko.
Hiribilduen fundaziotik aurrera, alegia, XIII. mendeaz geroztik, ipar-hego norabideko bi ardatz nagusi sortu ziren, itsasoaren eta Arabaren artean, Gaztelara bidean. Oro har, bi haranen gainean egin ziren, eta hiribilduek artikulatzen zituzten: Debako haranean, Arlabandik Bergarara, eta handik Mutriku eta Zumaia-Getariara, azken honetara San Prudentziotik; Biozkornatik Legazpira, eta handik Oriako harroan barna kostaraino. Ardatz horiek ez zituzten aurrekoak ordeztu, baina bai bigarren mailara iraganarazi, behintzat zaintza eta kalitatearen aldetik. Hortaz, Probintziako bide-sarea lurraldeko instituzioen eratzea bezala gauzatu zen: batuz, zatiak gehituz.
Eboluzioak gorenera jo zuen XVIII. mendearen erdialdean, Gipuzkoak bere bizkar eraiki eta finantzatu zuenean kotxeentzako errepide (errege-bide) berria, Probintzia diagonalean zeharkatuta (HM.-IE.) Arlaban eta Irun batzen zituena. Ibero arkitektoak planeatutako jatorrizko trazatuak Leintz bailaratik Oñati-Legazpi-Zumarraga bitartez iristen zen Goierriraino. Alabaina, bide haren ordez, beste trazatu bat egin zen, gurpildunentzako egokiagoa, Deskargan barrena Zumarragara joateko. Erosotasunaz gain, Bergara eta Arrasateren interes komertzialek ere egin zuten bigarren aukeraren alde. San Adrian-Igartza pasabidea, aldiz, Aizkorri zeharkatu eta Oria Garaian barrena Beasaineraino zeramana, at geratu zen, posta-bide mailara apaletsita. Beasainen, Oriako bide zaharra hartzen zuen, eta, Tolosan zehar, Urumearantz zihoan, Urnietatik Astigarragaraino, eta Oiartzundik Irunera, Bidasoa Behobian gurutzatzeko.
Kotxe-bidea, berez, ez zen Donostiaraino iristen, ez errepide bezala; sarbide zaila zela eta, Hernanitik egindako adarrak lotzen zuen. Tolosa parean ere Nafarroaranzko adar bat planteatu zen. Beste adar bat Bergaratik Mutriku-Debara zihoan, lehengo bideari jarraiki. Hein handi batean gaur egun iraun dirauen trazatua planteatu zen, bada. Aldaketarik handiena, askoz geroago, errepide nagusian Otzaurteko tartea txertatzea izan zen, hots, Nafarroatik Zegamara jaisten zen bidea (Oria Garaia).
Puntadun lamazko gurpileko gurdiei errepide haren erabilera galarazi zitzaien, lokatz eta mendi artean erabiltzeko pentsatutako ibilgailu haiek zola andea zezaketen eta. Zor publikoak, kontsumoari jarritako zergek (bidetik urrundu ahala, gutxiago) eta Diputazioak berak ordaindutako proiektua izan zen. “Kateak” ere ezarri ziren, hots, ordaindu beharreko tokiak, katez itxiak, jakina, gaur egun toponimiak oraindik gogora ekartzen dizkigunak (bai behintzat bi tokitan, Irungo sarbidean Oiartzundik etorrita, Hondarribira desbideratu baino lehen; Beasainen, Oria Garaiko eta Urola Garaiko bideak elkartzen ziren tokian). Mantenurako araudi zorrotza erredaktatu zen.
Bertako Ilustratuen proiektua izan zen bide hura: nolabait, erakarriko zuen merkataritzaz ama (Probintzia) ernalduko zuen aitatzat hartzen zuten bidea.