1696ko Foru bilduma

Baimena Gipuzkoako Probintziari Migel Aranburuk idatzitako Foruen Bilduma Berria inprima dezan. 1696
On Migel Aranbururen familiaren armarria. Haren etxeko fatxada (Tolosa)
Migel Aranburuk idatzitako "Gipuzkoako Foruen Bilduma Berria..."ren azala

Bilduma, berrespena eta argitalpena: haiexek ziren agintariek bilatzen zituzten helburuak XVII. mendearen bukaeran Probintziako araudi multzoa inprimatzera eraman zutenean. Eta hala burutzen zen XIV. mendean Ermandadeko Koaderno zaharrekin abiarazitako lege-idazkien saila.

Probintziako ordenantzak eguneratzeko XVI. mendean zehar egindako saioak ez ziren batzarkideek espero bezain egokiak edo erabilgarriak izan. Hala gertatu zen, bada, Zaldibia batxilerrari eta gero Zandategi eta Cruzati eskatutako bilduma-lanekin. Azken biok 1583an zuzendutako idazlana bai izan zela oinarrizko material gisa erabilia, zeinari XVII.ean zehar ebazpen berriak gehitu zitzaizkion. Jatorrizkoetatik urrun geratzen hasitako zuzenketa eta berrikuntza haiek guztiak bilduta, Korrejidorearen oniritzia jaso eta, azkenik, inprimatzeko behin betiko baimena sinatu zuen Karlos II.ak, 1696ko apirilaren 3an. Hala baietsi zen ofizialki Miguel Aranburu tolosarrak egindako bilketa. Prozesua, haatik, korapilatsua, gorabeheratsua eta zalantzez betea izan zen.

1696ko inprimaketak, bada, prozesu luze bat burutu zuen. Azken fasea 1681ean hasia zen, Aranburuk Probintziako Artxiboaren inbentario bat egiteko mandatua jaso zuenean Batzarretatik. Gero, 1685ean, aurreko ordenantzak biltzeko eta txukuntzeko eskatu zitzaion. 1691tik aurrera, Batzarrak zalantza-balantza zeuden: zer egin, bilduma erabiltzen jarraitu, 1583koarekin egina zuten bezala, ala formalki inprimatu? Bigarren aukerak bi irtenbide zituen: errege baimenik gabe inprimatzea, ala baimena eskatzea, ukoa jasotzeko, okerrago, edukiak, zatika edo osorik, ezeztatzeko arriskuaz; bestetik, inprimatzeko baimena eskuratuta, emaitzari zilegitasun eta indar legal handiagoa ematen zitzaion. Azkenean baimena eskatu eta Errege Kontseiluak Juan Antonio de Torres Korrejidorearen bizkar utzi zuen erabakitzeko ardura. Hark, Aranbururen laguntzaz eta aholkuez, urtebete behar izan zuen dokumentazioaren egiatasuna eta egokitasuna erkatzeko.

Aranburuk berak jarraitu zuen erakunde eta ordezkari politikoen arteko koordinazio eta bitartekaritza lanak egiten, eta testuen zuzentasunaz eta “legaltasunaz” erantzukizuna bere egiten. Goian aipatutako baimenaren bidez, Probintziak hamar urtez argitalpenaren esklusibotasuna lortu zuen.

Inprimatzeko lana Bernardo Ugarteren esku geratu zen, bi ofizialeren laguntzaz. Lan erritmoa, ona izanda ere, papera lortzeko zailtasunek oztopatu zuten: Bordeleraino ere iritsi ziren haren bila, gerra betean. Aranbururen zuzeneko zaintzapean egin zen, areago, inprimatzailea haren etxean lan egitera behartua zegoen. Hasierako tratua koadernatutako 3.000 ale egitekoa zen. Bilatutako helburu politikoak bete zituen neurrian Probintziarentzat inprimaketa garaipen bat izan arren, zentzu ekonomikoan ez zen negozio bat izan. Sevillan, Cadizen eta Amerikan, hots, euskaldun emigrazioaren bilguneetan, salmenta ona espero arren, 1697aren bukaeran aleen erdiak baino gehiago oraindik saldu gabe zeuden.

Bilduma Berriak ez zuen askorik itxoin behar izan benetako froga gainditzeko: dinastiaren aldaketa eta borboitarren erreparoak. Hala, bada, 1704an, badirudi Errege Kontseiluaren fiskala ez zegoela oso ados testuan bildutako hainbat ebazpenekin, aduanetako zergen inguruabarrekin batik bat; baina Ondorengotza Gerran Probintziak dinastia berriaren alde egin eta militarki lagundu zuenez gero, azkenean berrespena lortu zen, betiere 1702az geroztik erabiltzen zen “gure erregalia eta errege ondarea kaltetu ezean” eranskina lagun.

 

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN