Maiorazkoa

Zabala Maiorazgoaren fundazioa. 1628
Zabala Maiorazgoaren oinordekotzagatiko auzia, 1628
Elurre Maiorazgoaren oinordekotzarako zuhaitz genealogikoa. 1758

Maiorazkoa oinarrizko erakunde juridikoa izan da Gipuzkoaren historia sozial eta ekonomikoan, XVI. mendearen hasieratik (“Toroko Legeak” izenez ezagututako Gaztelako Ordenamenduaren eskutik, 1505an) 1820-1841 arteko lege lotura-hausleak plazaratu arte. Maiorazkoa eta Lotura antzekoak dira, baina ez sinonimoak: lehenak errege eskumena behar zuen fundatzeko; bigarrena fideikomiso hutsa zen, legezko indar osoa zuena, baina subsidiarioa. Lehena goi mailako estamentuan hedatuago, gipuzkoar gizarte osora zabaldua bigarrena, biak ala biak ondare produktiboak merkatutik aldentzeko mekanismoak zirenez gero, XVIII.etik aurrera arbitristak eta ekonomistak haien abolizioaren alde egiten hasi ziren.

Maiorazkoaren instituzioak hari lotutako ondasun guztiak familiaren baitan iraunaraztea ahalbidetzen zuen, belaunaldiz belaunaldi. Hala, bada, oinetxe bati atxikitako jabego banaezina zen. Maiorazkoak, beraz, lehenik eta behin eginkizun ekonomikoa betetzen zuen, errentagarria omen zen produkzio-unitate bat banantzea galarazita etorkizunean ere iraungo zuela bermatzen zuelakoan. Maiorazkoaren fundatzailea da ondasunen eskubide osoko azken jabea, haren ondorengoek jabegoa osoki teorian baizik ez baitzuten gozatzen, ondasunak askatasun osoz kudeatzerik ez zuten heinean; ondasunen jabegoa baino, bada, gozamena zuten. Paradoxikoa bazen ere, ondareen banandu ezinak maiz behartzen zuen maiorazkoa zorpetzera, gainontzeko herederoei senipartea ordaindu ahal izateko; beraz, praktikan, ekidin nahi zen ondorioa bultza zezakeen.

Egia esan, instituzio ekonomiko gisa baino areago, maiorazkoa gizartean familia batek zuen postua iraunarazteko baliabide gisa ulertu behar da. Azken finean, maiorazkoa zen familiaren erakunde iraunkor bakarra, kideak, kudeatzaileak, denboraren poderioz aldatzen ziren eta. Ez zen erakunde berdinzalea, inondik inora, guztiz arautua eta hierarkizatua baizik, helburu nagusia familia eta oinetxea iraunaraztea eta hobetzea zelako: maiorazkoak frogatu behar zuen, zuzen kudeatuz, etxea gobernatzeko gauza zela, eta hartara gainerako senideekiko eginbeharrak bete behar zituen; senideek, bestalde, zegokien egitekoa behar bezala bete behar zuten, etxetik kanpo ezkonduta, armadan, elizan, emigrazioan, adostutako ezkontzan… Maiorazkoaren oinordekotza-arauetan, fundatzaileak erabakitzen ahal zuen sistema: agnazio zorrotzean, gizasemeak emakumezkoen aldean hobetsita, eta abar; oinordekoen izena ere zehatz zezakeen. Hortaz, maiorazkoaren jarraipena hautazkoa zen, eta oinordekoaren esku utz zitekeen, pertsonak berak ordezkatzen zuelako maiorazkoa bera, areago, pertsona bera maiorazko izendatua izaten zen.

Instituzioak indarrean iraun zuen 1820ko Lege lotura-hausleak lotura guztiak ezabatu zituen arte. Hala eta guztiz ere, trikimailu legal bati esker, luzaroago iraun zuen, legeak ez baitzituen aintzat hartu bizien arteko ondorengo-dohaintzak: maiorazkoaren jabeak seme edo alabari ezkonsari modura helarazten zion: seme edo alaba iragaten zen jabe berria izatera, gurasoak erdiaren gozamena berentzat gordetzen zuten bitartean.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN