Bergarako Errege Seminarioa

Bergarako Errege Seminarioaren fatxada zaharraren trazatua (M.J. Laskurain, XIX. mendearen bigarren erdialdea)
"Bergarako Errege Seminario Zientifiko Industriala: bertako ikastetxearen programa eta irakaskuntza akademikoak eta bereziak" argitalpenaren azala. 1852
XVIII. mende erdialdeko dilatometroa

Bergarako Errege Seminarioa izan zen, bere izate hutsez, Euskal Herriko Adiskideen Errege Elkartearen lanaren emaitzarik behinena, eta elkarteak hezkuntzaren alde agertutako kezkaren islarik onena. Izan ere, goi mailako irakaskuntzan eta ikerkuntzan mugarriarena egin zuen. 1769ko abuztuaren 19an, Karlos III.aren errege-agiri batek Bascongadaren esku zuen jesuitek Bergaran izandako ikastetxea. 1776an seminario bat antolatu zen bertan, gaztelania, latina, frantsesa eta ingelesa, matematika, natur zientziak eta “gazteen ohiturak, erlijioa eta arrazoimena” formatzen lagun zezaketen bestelako ikasgaiak irakasteko asmoz.

Irakaskuntza-ziklo bi antolatu ziren. “Orokorrean” noble gazteei zegozkien ikasgai humanistiko eta kulturalak irakasten ziren: Lehen Letrak, Hizkuntzak, Humanitatea (historia, mitologia, heraldika, eta abar), Fisika, Matematika, Marrazketa eta Trebeziak (dantza, musika, esgrima, zaldiketa). “Irakaskuntza partikularrenean”, berriz, Mineralogia, Metalurgia, Kimika, Arkitektura publikoa, Laborantza-ikaskuntza, Merkataritza eta Politika. 1778an, Estatuaren laguntzaz, Kimika, Mineralogia eta Metalurgia katedrak zabaldu ziren. Irakaskuntza orokorretarako irakasle gehienak bertakoak ziren, Trebeziena izan ezik, François Duboix frantsesa kontratatu zen eta. Irakaskuntza partikularretarako, ordea, beste herrialdeetako espezialistak ekarri ziren: Louis Joseph Proust (Kimika eta Metalurgia) eta François Chabaneaux (Fisika) frantsesa, Anders Nikolaus Tunborg suediarra –Jeronimo Masekin batera Fausto Elhuyar Kimikan ordeztu zuena- eta beste hainbat. Bergararaino eskolak ematera etortzerik ez zuten eruditu frantses eta eskoziarrekin ere harremanetan egon zen Elkartea.

Ikasgelez aparte, liburutegia eta kabinete bat ere bazituen, eta munta handiko laborategi bat Zabalako dorretxean. Tunborg suediarraren esanetan, Stockholmekoa edo Uppsalakoa halako lau zen hemengoa. Materiala Frantzia eta Ingalaterratik ekarri zen. Bertan lortu zen wolframioa wolframitatik bakartzea, eta ordura arte ezagutzen ez zen elementu kimiko berri bat ediretea. Bestelako aurrerapenak ere egin ziren, hala nola platinoa xaflakor egiteko metodo bat. Ur mineralak aztertzen ziren, burdinazko xaflen eta latorriaren produkzioak eta Somorrostroko meategiak ikertzen, Euskal Herriko mineralen bildumak egiten, eta abar.

Garrantzi handikoa eta esanguratsua izanagatik, Seminarioak euskal gizartearengan lortu zuen benetako emaitza edo eragina eztabaidagarria da. Hasteko, ez zegoen ikasle asko biltzeko diseinatua: 1776 eta 1783 artean, batez beste 55 ikasle izan zituen; 1783-1789 epean, 125; azkenik, 1789-1794an, 90 baino gehixeago. Segitzeko, ikasleen heren bat baizik ez zen euskalduna. %44 espainiarrak ziren (gehienak Andaluziakoak), eta %22, kolonietatik etorriak, batez ere Kuba eta Mexikotik.

Konbentzioko Gerrak Seminarioa hankaz gora jarri zuen, tropa frantsesek arpilatu zuten eta. Haren ondorioz, Gasteizera lekualdatu zen, eta 1798 arte ez zen Bergarara itzuli. 1848an, Penintsulako lehen Eskola Industriala bertan ezartzea deliberatu zen. Azkenean, 1892an desagertu zen, Aita Domingotarren zuzendaritzapean bigarren irakaskuntzako ikastetxe bihurtuta.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN