Kaparedun emakumezkoa
Gipuzkoar kaparedun emakumearen egoera soziala Antzinako Erregimeneko ideologiaren ikuspuntutik ulertu behar da, alegia, kontuan hartu behar da norbanakoen eskubiderik eta berdintasun sozialik, izatekotan, Etxearen eginbehar eta eskubideen azpian geratzen zirela beti, haren bitartez gizarteratzen baitziren pertsonak, eta familiaren barne-antolakuntza desberdinen hierarkian oinarritu ohi zela.
Hortaz, lehenetsi beharreko helburua Etxearen iraunaraztea zen, erakunde sozial eta unitate ekonomiko bideragarritzat hartuta, interes partikularren gainetik betiere. Hartara, etxeko ondorengo bakoitzak bazuen bere egitekoa, ahal bezain ongi bete behar zuena, gainerakoen babes eta onarpena izango bazuen. Etxearen iraunarazteko logikari jarraiki, oinordekotza gehiena pertsona bakar baten esku geratu ohi zen, eta gainerakoa ere ez zen berdintasunez banatzen, etxeko jaun edo etxeko andrearen beharren edo helburuen arabera baizik. Oinordeko nagusia askatasunez aukeratzen ahal zen; horregatik, etxeko alabak ere izan zitezkeen oinordeko, gurasoek hala merezia zuela iritzita. Beste berezitasunen artean, Gipuzkoako oinordekotza sistemak arau bihurtu zuen gaztelar legean salbuespen zena: oinordeko nagusi bat hartzea, eta ez berdintasunezko banaketa.
Halaber, Gaztelako legearen ezarpenak gipuzkoarren beste ohitura bat oztopatzen zuen, alabei herentzia hobetzea galarazten zuen heinean. Ohitura legeari gailendu ohi zitzaion arren, helegite judizialek gurasoen erabakia kolokan jar zezaketen. Oztopo hura gainditzeko formula ere bilatu zen: ondorengotza bizi artean gauzatzea, alegia, jabegoaren esku-aldatze agiriak egitea ez etxeko bikote zaharra hil ondoan, etxean jarraitzeko aukeratutako seme edo alaba ezkontzean baizik. Hartara, ezkontzako kapitulazioetan argi eta garbi azaltzen ziren bikote zaharrari, gazteari eta etxean bizi zitezkeen senide ezkongabeei zegozkien eskubideak. Hala, bada, ezkontzak oro har, eta etxeen oinordekotzari zegozkionak bereziki, iraunarazteko eta, ahal izanez gero, handitzeko estrategien ariora adosten ziren. Zentzu honetan, gaur egungo “urliarekin edo sandiarekin ezkontzea” esaera baino, “harako edo honako etxera ezkontzea” esaera zuzenagoa litzateke.
Halako sare sozialean, emakumea irits zitekeen gorenera iristen zen etxeko andre kategoriara heltzean (batez ere bera bazen etxekoa eta senarra, “kanpokoa”). Orduan jasotzen zuen etxeko gizaseme zein emakumezko menpekoen ezagutza, bai eta komunitateko gainerako kideen artean ere, arlo zehatz batzuetan. Kontzejuaren botere politikotik baztertua zegoen, baina ez erlijiosotik, tokiko parroko eta bestelako apaizen hautaketan parte har zezakeelako, bere etxearen ordezkaria zenez gero. Jakina, ehorzketen inguruko espazioa ere berari zegokion.