Euskal emigrazioa Ameriketara

Peruko Kronikako "Potosiko hiria eta mendia" grabatua (Pedro de Cieza de León. 1556)
"Americae nova Tabula" (Willem Blaeu. 1665)
Indietako itsas ontzidiaren sarrera Guadalquivirren barna Sevillara (Alonso Sanchez Coello)

Amerika izan da euskaldunen ohiko destinoa Kolonek kontinente berri batekin topo egin zuenez geroztik. Emigrazioak hainbat etapa pasa ditu: konkista eta kolonizazioarena, XVIII.eko merkatal Konpainiei lotutakoa, XIX.-XX.etako gudetatik ihes egiteko exodoa (karlistadak, zerbitzu militarra, Lehen Mundu Gerra, Francoren garaipena…). 450 urtetan zehar mugimenduok jos litzakeen hari bakarra izan dela sinesgaitza bada ere, ezin da ukatu euskal jatorriko jendeen presentzia irmoki finkatuak lagundu ohi ziela unean-unean iristen zirenei, harreran eta integrazioan.

Ameriketan lehorreratu ziren lehenak ere ez ziren iritsi inolako eskarmenturik gabe. Itsastar tradizioan eta merkataritzan oinarritutako migrazioek eratuak zituzten instituzioak eta antolatzeko moduak etxetik hurbilago edo urrutiago zeuden tokietan, hala nola Flandes eta Europa Atlantikoko beste tokietan, eta Mediterraneoan. Bigarren esparru horretan Andaluziako portuek berebiziko garrantzia izan zuten, are garrantzi handiago Ameriketara joateko tenorean. Abentura, ebanjelioa edo norbanakoek izan zezaketen ekimenez harago, Ameriketara iristeak abentura komertzial eta ekonomikoa burutzea zekarren, eta euskaldunek hartan parte hartu zuten hasiera-hasieratik.

Hasiera-hasierako euskal emigrazio haren arrakastaren giltza hainbat faktoreren batuketa zen. Lehenik, gerran egindako zerbitzuak, XV. mendean euskaldunen presentzia Andaluzian sendotu zutenak –Granadako erresumaren kontra, gero berbereen eta geroago turkoen kontra, Mediterraneoaren nagusigo militar eta komertzialarengatik lehian-. Bigarrenik, kaparetasun unibertsalaren euskarri juridikoa, lanbide edo komertziorik apalenari uko egin gabe armaz edo lumaz administrazioaren edozein postu eskuratzeko aukera ematen ziena. Hirugarrenik, komunitate haiek etxetik kanpo senidez edota herrikidez osatutako sareak antolatzeko ahalmena, hizkuntza lagun eta sorterrian erreferentziak konpartitzeak ematen zuen ezagutza eta elkarrekiko konfiantza bide. Batasun hura jokabide erlijioso zehatzetan gauzatzen zen, hasieran frantziskotarren praktika soil eta xumeetan (esaterako, Arantzazuko Amaren amerikar kofradia). Hala, bada, emigranteak bazuen ibilbide bat, bazekien nora zihoan, lurraldea ezagutu gabe ere, lanpostu edo zeregina eskainiko zion gizarte-sarean txertaturik. Handik aurrera, hobetzea, handitzea, haren gaitasun eta harremanetarako trebeziaren menean geratuko zen.

Zacatecas, Mexiko Berria, Lima, Potosi… dira euskaldun presentzia nonahikoa eta bereizia aurkitzen zen tokietako batzuk, zeren eta euskal nazioak -garaiko hitzetan esatearren- gutxiengo hautatu, trinko eta eraginkorrarena egiten baitzuen, italiarrenak edo portugesenak egiten zuten bezala. Katalina Erausoren bizimodu asaldagarria, adibidez, ulertezina da elkarri babesteko eta laguntzeko sare haren ekimen-eremua aintzat hartu gabe. Elkartasun mota hura hain zen estua, beste konkistatzaile eta kolonoetarik hain bereizia, ezen talde desberdinen arteko borrokak gertatzen baitziren, boterea eskuratzeko eta mozkinak banatzeko lehian. Huraxe izan zen “nazioen gerra” esamoldeaz ezagututako liskarraren kasua, Potosin gertatua, non euskaldunek, kantabriar eta Burgosko menditarrekin, aurre egin zieten “vicuñei” (gaztelar, andaluz eta estremadurarrei). Azkenok, aberasteko eta erabakitzeko esparruetatik aldenduta, egoera aldatzeko asmoz armak hartu zituzten. Benetako gerra bat izan zen, XVII. mendearen lehen erdialdean dozenaka hildako utzi eta epe ertainean euskaldunen aldetik kontrol eta monopolioaren galera ekarri zuena.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN