Pasaiako portua, eztabaidagai

"Pasaiako portuaren eta Fort Hayren ikuspegia" (Thomas L. Hornbrook)
Pasaiako errio eta portuaren planoa, 1760 © Zerbitzu Historiko Militarraren Artxiboa
Pasaiako errio eta portuaren gaur egungo ikuspegia

XII. mendearen bukaeran Donostia hiribilduari foruaz eman zitzaion lurralde zabala, Bidasoa eta Oriako bokaleen eta itsasoaren eta Nafarroaren artekoa, mendeen poderioz aldatua izan da, alegia, funtsean, murriztua. Aldaketok ez dute toki guztietan berdin eboluzionatu. Oraindik orain badira alde sentibera samar batzuk, hala nola Igeldo, Altza, Zubieta… Beste alde batzuetan munta handiko auziak piztu ziren, eta zenbaitek konpontzeke jarraitzen du. Hori da, adibidez, Pasaiako badiaren kasua.

Donostian, hasiera-hasieratik, merkataritza eta arrantza jardunbide biziki aktiboak ziren. Era berean, nekazaritza aldetik produkzioa hiribilduko biztanleen beharrak asetzeko adina ez zenez, hornidura bermatzeko, itsas garraiorako egiturak doitu behar izan zituen hiribildu berriak, lehenago ez bazen, fundatu orduko. Orduan, Donostiak hiru portu zituen: Urumeakoa, Kontxakoa eta Pasaiakoa. Lehena, ondoko Santa Katalina kaperaren izenez ezaguna, ibai trafikoan espezializatua zen, Hernaniraino nabigagarria zen eta. “Portu nagusia”, Kontxakoa, jatorrian ainguraleku hutsa zen, 1440an Urgull pean, harresiaren ondoan, kai batez hornitua. Dena den, Pasaiako portua zen, segurtasunari eta gaitasunari erreparatuz, egokiena.

Hortaz, Pasaiako ainguraleku naturala kontrolatzea zeregin estrategikoa zitzaion hiribilduari, sakonera handiko itsasontzien lehorreratzea ahalbidetzen zuen eta. Alabaina, Donostiak San Pedroko dorrezainaren bitartez badiako biztanleen gainean ezartzen zuen presioa zela, Oiartzun, Errenteria, Pasaia, Lezoraino hornigaiak lehorreratzeko jartzen zituen oztopo ugariak eta kontrolak zirela, auzibide luze korapilatsuak etengabe gertatzen ziren.

Auzietan Donostia atera ohi zen garaile, Erdi Aroko ebazpenek badiaren zati handi baten gainean erabateko jurisdikzioa eta gainerakoan hein handi batekoa ere aitortzen zioten eta. Inplikatutako herrien artean, auzitegietan ez ezik, eraso noiz edo noiz fisikoetan ere lehertzen ziren gatazkak. Atlantikoaz bestalderainoko enpresek kokaleku nagusitzat Pasaiako badia hartzearekin batera, XVI. mendetik aurrera,  egoerak okerrera egin zuen. Donostiak kobratzen zituen tasa altuak behin eta berriro salatzen zituzten Errenteriak, Oiartzunek eta Hondarribiak (hiribildua Bidasoa gainean egon arren, haren jurisdikziopekoak ziren Donibane eta Lezo).

XVII.etik aurrera badiaren gaineko boterea birbanatu nahi zuten txostenak behin eta berriro ezetsiak izaten ziren. 1770ean, Donibane Hondarribitik askatu zenean, badia donostiarren jurisdikziopetik askatzeko ahaleginak eraberritu ziren. Vargas Ponce erregeren mandatariak eskualdera iritsita, eremu osoa sakonki berrantolatu zen. Besteak beste, Behe Bidasoa (Lezo barne, 1812 arte Hondarribiaren jurisdikziopean jarraitu zuelako) Nafarroan sarraraztea proiektatu zen, Napoleonen gerrak proiektua bertan behera utzi zuen arren. Eruditu ilustratu haren ustetan, portua birbizitzeko irtenbideak Donostiatik guztiz bereiztea eskatzen zuen, jurisdikzioz eta geografikoki. Haren ondorioz, 1805ean udalerri bat fundatzeko agindua eman zuen: Pasaia, badia osoaren jurisdikzioa izango zuena (San Juan edo Donibane, San Pedro eta, XIX. mendearen bigarren erdialdean, Antxo, padurak lehortu eta hiritartuta). Udalerri berriak zituen lur eta dirubide eskasak berdintzearren, Altzako eremuaren zati handi bat ere esleitu zion. Eta hala hasi zen beste auzibide bat, 200 urte geroago epaitu gabe jarraitzen duena.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN