Deitura: Gipuzkoako gizartearen eboluzioaren isla

"Esteban Garibairen seme-alaben ondorengo eta senideen zazpi liburuak" delakoaren jatorrizko eskuizkribua, "Memoriak" izenez ezaguna. 1586-1594 © Historiaren Errege Akademia
Bataio eta Ezkontza Liburua. 1590-1618. Jasokundeko Santa Maria parrokia-eliza (Ordizia)

Jendearen jakin-mina gehien pizten duten historiaren atalen artean, gustagarrienetako bat deiturena izaten da. Ez da harrigarri, pertsona eta lurralde guztien iraganari estu lotua dago eta. Zentzu honetan, haren eboluzioaren azterketak asko esango digu toki bakoitzean izandako aldaketez, hizkuntzen erabilerez eta, oro har, familiek gizarte inguruarekin izandako harremanez.

Zer da deitura? Gaurko adieran, pertsonak bereizteko balio duen familia-izena da. 1726ko Diccionario de Autoridades hiztegiak, ordea, hala definitzen zuen deitura: “antzina etxe nagusiak izendatzen ziren era, zeren eta, haiek deituta, gainerakoak jarraikitzen baitzitzaizkien, eta haien aldera heltzen; hala, deitura hitza patronimikoak izendatzeko erabiltzen hasi, eta gero familien goitizenetara zabaldu zen”.

Goiko definizioa primeran egokitzen zaio Erdi Aroan Gipuzkoan egiten zen deituraren erabilerari; izan ere, XVI. mendera arte, gaur egun berehala arabartzat edo nafartzat hartzen ditugun deitura konposatu ozen horiek bezalaxe konposatzen ziren hemengo deiturak ere. Halako izendapenak herrixketan banatutako populazio mota batera garamatza; horregatik, bigarren partea herri baten izenarekin bat etorri ohi da, herri hori gaur hutsik egonda ere: Lopez Gereñuko, Martinez Iruxoko, Diaz Zerioko… Gipuzkoan, identifikazio mota hartatik beste batera pasatu zen, oinetxeari lotutako deitura bakunera. Dena den, leinu handien ondorengoen artean forma zaharrak luzaroago iraun zuen: Migel Lopez Legazpiko, Iñigo Lopez Loiolako… Alegia, deiturak gizarte eredu baten edo bestearen artean harreman sozial eta pertsonalak antolatzeko kontzepzio desberdinak salatzen zituen.

Beraz, familia nuklearraz haragoko jende multzoa (leinua –Gebara- zein komunitatea –Alkiza-) definitzen zuen deituraren Erdi Aroko erabilera alboratuta, XIV.-XV.etatik aurrera Gipuzkoan deitura norbanakoarentzat balio handiko bi errealitate adierazten zituen.

Lehenik eta behin, etxea: eskuarki, pertsona bakoitzak, bere burua gizartearen aurrean familia bateko kide gisa agertzearren, etxearen izena hartzen zuen. Deitura, bada, bizi zen etxeari atxikitzen zitzaion. Etxearen eta norbanakoaren identifikazioa hain zen estua ezen pertsona bat etxez aldatzean, ezkontzarengatik, lanbidearengatik, dena delakoarengatik, deitzeko era ere aldatzen ahal zuen, edo deituran biltzen zituen erreferentziazko bi etxeak, jatorrizkoa eta adopziozkoa. Bigarrenik: batzuetan, identifikazioa etxearekin ez baina jatorrizko herriarekin izan zitekeen. Adibidez, Tolosako hiribilduan bizi zen norbaitek herriaren izena har zezakeen deituratzat beste herri batera bizitzera lekualdatzen bazen. Zenbat eta urrutiago, orduan eta maizago geratzen zen hau, batez ere Ameriketan.

Deituren aldaketek egoera harrigarriak -gaur egungo ikuspegitik- sorrarazten zituzten, hala nola aita eta seme-alabak edota neba-arrebak deitura desberdinez aipatzea, goian azaldutakoaren arabera. XVII. mendean hasi zen deitura finkatzen, eta aitaren aldekoa hartzera eta transmititzera jo zen, bizi izaten zen etxearen izenari erreparatu gabe, ofizialki behintzat. 1870ean, errolda zibilaren ezarpenarekin, aitarenaren eta amarenaren erabilera bikoitzaz araututa geratu zen deitura. 1986az geroztik, Errege Agindu batek ahalbidetzen du deitura bion ordena aldatzea.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN