1804 Bizenta Antonia Mogel azkoitiarrak, ezagutzen den lehendabiziko euskal emakume idazleak, "Ipui onac" argitaratu zuen. 1808 Hispanoamerikako kolonien independentziaren aldeko Juntak sortu ziren Mexikon eta Montevideon. Simon Bolivar caracastarra, "Askatzailea", politikoki batutako Hegoamerikaren ametsa bete gabe hil zen.
1813 Frantziarrak Penintsulatik egozteko tropa aliatuek Donostiari su eman zioten. 1812 Napoleonek 1.200.000 soldadu zituen bere agintepean; haietako 700.000 Errusia inbaditzera bidali eta 58.000 baino ez ziren bizirik itzuli.
1839 Lehen Gerra Karlistaren amaiera, Bergarako Hitzarmena sinatuta. 1837 Victoria, Britainia Handiko eta Irlandako erregina eta Indiako enperatriza.
1841 Nafarroako Foruak Aldatzeko Legea. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoek eutsi egin zioten, "batasun konstituzionala kaltetu ezean"; alegia, aldaketak nozituta: besteak beste, aduanen lekualdatzea Ebrotik Bidasoara. 1841 Livingstone Afrikara iritsi zen misiolari gisa, eta hogeita hamar urtetan kontinentearen hegoaldeko erdia esploratu zuen.
1845 Ordura arte Oñatiko Jaurerria zena Gipuzkoako Probintziari batu zitzaion. 1848 Marxek eta Engelsek "Adierazpen komunista" plazaratu zuten: industrializazioak langileen klase berria sorrarazia zuen.
1856 Luis Luziano Bonaparte hizkuntzalariak lehen bidaia egin zuen euskalkiak bertatik bertara aztertzeko. Gipuzkoari dagokionez, Goierri, Beterri eta Urolakoa gipuzkera deitu zuen; Deba aldekoa, bizkaiera; Bidasoa eta Oiartzungoa, goinafarrera. 1852 Harriet Beecher Stowe idazle abolizionistak "Osaba Tomen etxola" idatzi zuen.
1858-64 Madrildik Irunerainoko burdinbidearen eraikuntza, Hendaian Parisekoarekin lotzen zena. 1859 Suezeko ubidearen eraikuntzaren hasiera.
1865 Estropadetako "bandera" baten lehen aipua: arrauna, arrantzaleen arteko lehiatik harago, turisten erakargarri. 1863 Londresen futbolaren lehen arauak ofizialdu ziren. Kirola jendetza erakartzeko moduko fenomeno modernoaren hasikinak.
1868 "Iraultza gloriosoak" ustekabean harrapatu zuen Isabel II.a, erbestera Donostiako udalditik zuzenean abiatu zena. 1867 Errusiak Alaska saldu zien Estatu Batuei.
1876-78 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foruen ezabapena Bigarren Gerra Karlistaren ondoren, eta lehen Kontzertu Ekonomikoa. 1874 "Inpresioa: eguzkia sortzen" margolanak eman zion izena adierazpide plastiko, musikal eta literario berri bati; hots, Inpresionismoari.
1880 "Euskalerria" aldizkariaren edizioa eta euskal kultur pizkundearen hasiera. 1880 Esklabotasunaren ezabapena Espainian, azken kolonietan oraindik baitzirauen.
1881 "Gernikako Arbola" kantaren egile Iparragirre urretxuarra hil zen. Ameriketara milaka emigratutako euskaldun gehienak ez bezala, jaioterrira itzulia zen. 1880-85 Pasteurek hainbat gaixotasunen kontrako txertoak garatu zituen.
1889 Maltzagako burdinbidea: industrializazioarekin bat, burdinbide-sare trinkoa garatu zen Gipuzkoan. 1885 Gasolina erregai zerabilen lehen motordun automobila ekoitzi zen.
1893 Istilu latzak Donostian "Gernikako Arbola" aldarrikatzeagatik. Euskal nazionalismoa alderdi gisa sortzear zegoen. 1895 Lumière anaiek zinematografoa asmatu zuten.
1897 Lehendabiziko greba arrazoi laboralengatik Eibarren. 1898 Espainiak azken koloniak, Kuba, Filipinak eta Puerto Rico, galdu zituen.
2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA