Azkoitiko erronka
1456ko uztailean, noblezia feudal bandozaleak bere egiten zuen ohore, justizia eta indarraren kontzeptua ekintza batean ezin hobeto laburbildurik, Ahaide Nagusiek erronka publikoa egin zieten hiribilduetako buruzagiei eta jada hiritar ordena berriaren alde argiro lerrokatutako leinu-buruei.
Erronkarako deia Azkoitiko atean iltzatu zuten. Asmoa aparteko dueluan neurtzea zen. Norgehiagoka euskarazko hitzak ederki adierazten duenez, kontua zen nork balio zuen gehiago frogatzea, hau da, hiribilduen botere hasiberriarekin lehian ebaztea probintziako komunitatearen nagusigoa. Ordurako bandoek elkarren arteko ika-mikak baztertuak zituzten, biek ala biek helburu bera zutelako: etsai handia, hots, lurraren, odolaren eta ohituraren gainean ezarritako bizimodu oso bat azpiratu nahi zuena gudukatzea.
Joan Lopez Lazkanoko Lazkao eta Arabako Aranako jaunak, Martin Ruiz Ganboako Olasoko jaunak, Ladron Baldako Baldako jaunak, beren izenean eta bandoen fideltasun-sare konplexua osatzen zuten beste hainbat eta hainbatenean, Miranda de Iraurgi (Azkoitia), Salvatierra de Iraurgi (Azpeitia), Monreal de Deba, Mutriku, Getaria, Tolosa, Ordizia eta Segurako zenbait bizilagun banan bana aipatu eta erronka egin zieten, arma zitezen eta dueluan ebatz zedin haien arteko etsaigoa.
Gaztelako Enrique IV.ak zuzenean esku hartu zuen auzian; hiribilduen alde egin eta jauntxoei, noble gerlariak ziren heinean, zegokien zigorra ezarri zien: Andaluziara erbesteratu zituen, Granadako erresumaren mugara, armak erabiltzeko trebezia mairuen aurrean erakuts zezaten, Gipuzkoako garapen ekonomikoari lotutako erregeren interesak kaltetu beharrean. Haien dorretxeetako goialdeak mozteko ere agindu zuen, izaera militarra gal zezaten. 1460an, deserria barkatu eta haien presentzia berriro onartu zen Probintzian. Botere ekonomiko, militar eta sozialari eutsi zioten arren, jada ez zuten mehatxatzen eratzen ari zen ordena berria. Handik aurrera, praktikan, leinu zaharrek hiritar elite berriekin ezkontzaz senidetzeko aukera hobetsi zuten.