Hiribilduen barne-erregimentua

Kategoria:
Industria e infraestructuras
Izena:
Gipuzkoa Geroztik
Izenburua:
Hiribilduen barne-erregimentua
Date:
14/06/2011

Fundatu eta lehendabiziko mendeetan, Gipuzkoako hiribildu gehienen erakundetzea alkateek, zinegotziek (zin egiten baitzuten) eta, pixkanaka, fielek osatutako gutxieneko eskema baten arabera antolatzen zen. Gero eta gehiago, tokiko gobernuetako kideak botere ekonomiko gehieneko familietatik zetozen, eta arian-arian hiribilduen izaera eta bilakabidea markatuko zuen elite politiko bat ere osatu zuten. Eskema homogeneo samar hartan, hiribildu bakoitzak bere ezaugarriak eta ofizial kopuru desberdinak zituen: alkate bat edo bi, eta izen desberdinez ezagutzen ziren kideak: zinegotzi edo juratu nagusiak, erregidoreak, fiel-erregidoreak, eta abar. Bestelako ofizialak ere izan zitzaketen, hala nola probestua, erregeren ordezkaria. XV. mendearen bukaeran eta XVI.aren hasieran, hautaketa sistemek talde sozial zehatz baten alde egiteko joera areagotu zuten, eta kontzejuetarainoko sarbidea gero eta estuagoa zen.

Orduantxe ere idatzi ziren udal ordenantzen koaderno luzeak, eguneroko bizimodua xehero arautu nahian: higiene eta osasunari lotutako ebazpenak; gai behar-beharrezkoez hornitzeko bermeak eta ekonomiaren bestelako arloak, hala nola arrantza, merkataritza, zuhaitz-landaketa; hirigintza, eraikuntza arautzeko edo suteak galarazteko neurriak hartuta; kontrol soziala eskaletasun, joko, eraso, lapurreta eta bestelako kasuetan… eta, jakina, hauteskunde-sistemari eta udal karguen betetzeari buruzko politikak. Hortaz, funtsezko dokumentuak ditugu garaiko gizartea ulertu ahal izateko.

Behar-beharrezko gaien hornidura-politiketan, interes gehiena oinarrizko elikagaiak (laborea, gehienbat) bermatzean zetzan, bai eta salneurri, pisu eta neurrietan iruzurrak ekidin eta kontsumitzailea babestean ere. Harategi eta arrandegien kokalekuak zehazten ahal zituzten, Deban, Seguran, Tolosan, Zestoan egin zuten bezala. Ardo eta sagardoetan ere iruzurrak saihesten ahalegintzen ziren; adibidez, XIV. mendeaz geroztik, Tolosak ur-sagardo oro zigortzen zuen, urik gabekoa balitz bezala saldu nahi izanez gero. Jarduera kaltegarriak galarazten ziren: arrantzarako sare-nasen erabilera arautu zen, eta Legazpin 1533an erreketan karea botata arrantzatzea debekatu zen. Basoen ustiakuntzak eztabaida franko eragiten zuen, funtsezkoa baliabidea baitzen elkarren aurka tupust egiten zuten interes askorentzat, hala nola abeltzain, ikazkin, ontzioletako zurgin, arotz eta olagizonentzat. Hortaz, zuhaitzen landaketak eta mintegien arauketak atal asko betetzen zuten, eraikinen eta itsasontzien eraikuntzan gero eta gehiago eskatzen zen lehengaia izaki.

Beste ordenantza batzuek higienea, ordena publikoa eta osasuna arautzen zituzten. Irainak eta erasoak mailakatu eta larritasunaren arabera zigortzen ziren: odola isuria ote zen, zaurien ondorenak, eta abar. Ausazko jokoak ere (dadoak) zigortuak zeuden, eta lapurreta, noski. Oso gizarte erlijiosoa izanda, biraoak ere zigortzen ziren, baita hiletetan gehiegizko negar edo intziri nabarmenegiak ere. Dena den, halako debekuetan, baliteke asmoa, erlijiosoa baino, zenbait familiak ospe sozial eta ekonomikoaz harrotzeko erabiltzen zituzten erostarien kontratazioa mugatzea izatea, zeren eta janzkeran, burukoetan eta orrazkeretan erakuskeriak ere debekatzen baitziren, esaterako, Deban, 1412ko ordenantzetan.

Neurri haiei esker jakin dezakegu nolakoa zen garaiko elkarbizitza baketsuaren ideala, kristautasunak kutsatua eta, itxuraz berdintasuna aldarrikatu arren, barne-mailakatze eta antolamendu sozial zehatz bati erantzuten ziona.
 

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA