Konbentzioa Donostian

Kategoria:
Conflictos
Izena:
Gipuzkoa Geroztik
Izenburua:
Konbentzioa Donostian
Date:
14/06/2011

1793ko martxoaren 7an, Frantziako Konbentzioak gerra deklaratu zion borboitarren Espainiari. Hala burutzen zen aurreko hilabetetan gora egindako tentsioa, Batzar Nagusiak muga gotortzera eta armatzera eraman zituena. Tropa frantsesak apirilean sartzear zirela, Donostiako harresia eta gaztelua kanoiz gabetu eta artilleria Bidasoa defenditzera eraman zen. Behin-behingoan frantsesen sarbidea galarazi arren, abuztuan, Nafarroatik sartuta, frantsesek Irun eta Hondarribia hartu zituzten. Diputazioak Donostia utzi eta Getariara alde egin zuen. Frantsesek aurrera egin zuten, eta probintzia osorik hartzerik izan ez bazuten ere, Donostiak, babesgabe, 1794ko abuztuaren 4an amore eman zuen. Hiria inolako defentsa militarrik gabe entregatuta, Godoy Karlos IV.aren lehen ministroak gipuzkoarren eta frantsesen arteko elkar ulertzea salatu zuen, merkataritzan, kulturan eta politikan ere hiriak Frantziarekin zituen harreman onak zirela eta ez zirela. Gerra bukatzeko elkarrizketetan, Probintzia berreskuratzea aldarrikapen eta trukerako gai egonda, salaketak berretsi egin ziren.

Abuztuaren 14an, Getariako Batzar Nagusiek Frantziarekiko Hitzarmen bat prestatu zuten, zeinaren bitartez Gipuzkoa estatu aske eta neutral gisa eratuko zen, Frantziar Errepublikaren babespean. Frantziarrek ez zuten Gipuzkoa armak uztera behartuko, eta ez zuten esku hartuko barne-gobernuko arazoetan. Hasieran konbentzionalek baldintzak onesten zituztela bazirudien arren, azkenean Gipuzkoa Frantziako Errepublikaren baitako lurralde gisa baizik ez zuten onartu, eta, uko eginez gero, konkistatutako lurraldetzat joko zutela mehatxatu. Halaber, Konbentzioko ordezkariek Getariako Batzarra bertan behera utzi zuten, batzarkide batzuk atxilotu eta Donostiako udalaren ordez hamabi kideko Batzorde bat ezarri zuten, non bakar bat baino ez zen donostiarra.
    
Konkistaren erreakzioz, biztanle askok etxeak utzi eta ihes egin zuten. Ihesaren ordainetan, frantsesek ondareak bahitu, tropen hornidura bermatzeko saltokiak zabaltzera behartu, eliztarrak atxilotu eta elizak eta komentuak itxiarazi zituzten. 1795eko apirilean, bertan behera utzitako udal batzuk berrezarri ziren, frantsesen aldeko administrazio baten kontrolpean betiere. Egoera hala mantendu zen harik eta 1795eko uztailaren 22an Basileako Bakea sinatu eta irailaren 5ean argitaratu zen arte.
    
Donostiarentzat, ordea, ondorioak ez ziren gerrarekin bukatu. 1794ko abuztuko kapitulazioan frantsesen eta biztanleen arteko elkar aditzeaz Godoyk egindako salaketak Iruñean auzi militar baten izapidea ekarri zuen. Donostiako goarnizio-buru eta ofizialak, 1794ko udalbatzako kideak eta bizilagun asko auzipetu eta deserrira, bizi arteko udal kargugabetzera, militarren kasuan enplegua galtzera, batzuk kartzelara eta Jose Javier Urbiztondo bizilagun iheslaria urkatzera ere kondenatu zituzten.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA