Dorretxeak

Kategoria:
Industria e infraestructuras
Izena:
Gipuzkoa Geroztik
Izenburua:
Dorretxeak
Date:
14/06/2011

Landako eta hiribilduetako dorretxeek sekulako protagonismoa izan zuten XIV.-XVI.etako Gipuzkoaren historian. Jarduera militar edo zibilekoak izan, haien jabe ziren familien egoitza ez ezik, komunitatean zuten indarraren sinboloa ere baziren, garaiko egitura sozialen eta lurraldean eratzen ari zen artikulazioaren erakusgarri.

Landa giroko dorretxea orube zehatz bati atxikitako oinetxe-familiaren adierazgarria zen, leinuaren nortasun-ikurra, saldu edo erosi ezin zena, ohiturazko zuzenbideaz oinordeko bakar bati helarazten zitzaiona. Hantxe garatzen zen leinuaren bizimodu ekonomiko eta soziala: handixe kontrolatzen ziren nekazal eta abeltzaintzako jardunbideak, eskulangintzakoak, bidaiari eta garraiolarien joan-etorriak. Hartara, bestelako eraikinak hurbil altxatzen ziren: burdinolak, errotak, zubiak, eta abar. Hartantxe hartzen zuten ostatu gudari eta armadunek. Handixe zabaltzen zuten jaunek beren itzala.
 
Eta dorretxearen eitea ere bete beharreko funtzioek hartarakotua zen, izaera erasokor eta defentsiboko arkitekturak emanda, jabeak bandoen arteko borroketan murgilduak zirenez gero. Izan ere, dorretxearen erreketa zen etsaiak mendean hartu izanaren adibiderik argiena. Hortaz, beheko solairuan harri trinkoz eginak izaten ziren; baina zurezko atalak ere izaten zituzten, bandoetakoen arteko liskarren aipamenetan suteak maiz aipatzen dira eta.

Bandoen arteko eta hiribilduen aurkako gatazkak amaituta, dorreek berehalako bilakabidea ezagutu zuten. Gipuzkoako Hiribilduen eta Lurraldeko Herrien Ermandadeak hala eskatuta, haietako asko 1456tik aurrera osorik edo hein handi batean eraitsi ziren, Enrique IV.aren aginduz. Harrez geroztik, haien birmoldaketari ekin zitzaion: izaera militarra galduta, eraitsitakoaren aiurrietatik abiaturik edo guztiz eraberriturik, garaiko estiloaren arabera berraltxatu ziren batzuk, eta jauretxe bilakatu. Beste batzuk, ordea, nekazaritzan edota abeltzaintzan jarduteko baserri huts bihurtu ziren.

Hiribilduen inguruan ere, harresi barruan nahiz kanpoan, baina beti toki estrategikoan kokatuta, dorretxeek berebiziko eginkizuna betetzen zuten. Familia jabeek handixe eragiten zuten hiribilduen gaineko kontrol ekonomiko, politiko eta soziala. Halako dorretxeak balio handiko ondare higiezinak ziren eta, landa girokoak ez bezala maiz espekulazio- eta salerosketa-gai izaten zirenez, bilakabide azkarra izaten zuten. Haien indar sinbolikoa, leinu baten adierazgarri izatean baino, bertakoen arrakasta ekonomiko eta soziala erakustean zetzan. Hortaz, tankeraz ere erraz birmoldatzen ziren, garaian garaiko funtzionaltasun, erosotasun eta estetikaren arabera. Hiribilduetan, beraz, ohikoa izaten zen Erdi Aroko dorretxeen egiturak ordeztea edo berritzea.

Argibide gehiago: "Gipuzkoako dorretxeak eta leinuak" (Bertan Bilduma) eta www.igartza.net      

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA