Zein hiriburu: Tolosa eta Donostia, buruz buru

Kategoria:
Conflictos
Izena:
Gipuzkoa Geroztik
Izenburua:
Zein hiriburu: Tolosa eta Donostia, buruz buru
Date:
14/06/2011

Antzinako Erregimenean, Gipuzkoan ez zen hiribururik finkatu; aitzitik ere, Diputazioa “Txandako lau hiribildu” (Donostia, Tolosa, Azpeitia eta Azkoitia) izenekoen artean aldizkatzea erabaki zen. XIX. mendean, liberalismo garaileak departamenduen eredu frantsesean oinarritutako sistema probintziala ezartzen zuen bakoitzean, Donostia izaten zen hiriburua; baina, 1844an, foru berrezarpenaren ondoren, Probintziako oligarkiak, burgesia progresista donostiarraren arerio, Diputazioa, beraz, hiriburua, Tolosan finkatu zuen.

Hiriburua ezartzeko borroka, bada, foru sistema defenditzen zuten landa-handikien eta liberalismoaren aldeko burgesia donostiarraren arteko lehiaren alderdi bat besterik ez zen izan. Frantsesteak iraun bitartean, agintari napoleondar berriek Donostia bihurtu zuten hiriburu, baina ez Gipuzkoakoa, “Bizkaiko Gobernua” izenez lurralde biokin batera Araba ere barne hartzen zuen lurraldekoa baizik. Berrezarpen absolutistak foru sistema ere berrezarri zuen. Hirurteko Liberalean, Tolosa izan zen Diputazioaren egoitza, lurralde banaketa berria antolatu artean behintzat. Hura onetsi orduko, 1822ko urtarrilean, Donostia izendatu zuten Gipuzkoako hiriburu. Urtebete baizik ez zuen iraun, ordea, berrezarpen absolutistarekin batera txandako hiribilduen sistemara itzuli zen eta.

Fernando VII.a hil orduko Lehenengo Gerra Karlista lehertu zen. Isabel II.aren ama Maria Kristinaren erreginordealdian, probintzien banaketa berriak berriro izendatu zuen Donostia hiriburu; baina Batzar Nagusiek ez zioten jaramonik egin eta hiriburua “toki zentratu, goarniziodun eta gotortu batera, Tolosa edo Ordiziara” lekualdatzea proposatu zuten. Dena den, gerraren gorabeherek praktikan Donostia bihurtu zuten agintari liberalen hiriburu bakarra. Gerra bukatutakoan, berriro piztu zen Tolosan finkatutako Diputazioarekin batera hiriburua bertan ezartzearen alde egiten zutenen eta Donostiako Udalaren ahaleginen arteko eztabaida. Azken honek, jakina, hiriburua jende gehien –10.000 biztanle inguru, Tolosako 6.000 lagunen aldean- eta kontribuzio bolumen gehien zuen hirian ezartzearen alde egiten zuen.

Espainiar gobernuan ematen ziren moderatu eta progresisten arteko borrokak erabakigarriak ziren hiriburua non kokatu ebazterakoan. Esparteroren erregeordealdian (1841-43), gobernu progresistak bat egin zuen donostiarren argudioekin; baina Diputazioaren oposizioak galarazi zuen behin betiko erabakia hartzea. Moderatuak boterera iristean, 1844an, dekretu batek Gipuzkoako hiriburua Tolosan jartzeko agindu zuen, landa-handikiek probintzian berreskuratutako indarraren adierazgarri. Donostiak 1854 arte itxaron behar izan zuen, bada, progresistak agintera iritsi arte, hiriburua behin betiko bertan ezar zedin.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA