Katalina Erauso

Kategoria:
Conflictos
Izena:
Gipuzkoa Geroztik
Izenburua:
Katalina Erauso
Date:
14/06/2011

Moja alferez delakoa Donostian jaio zen, XVI. mendearen bukaeran, 1592an, hain zehatz. Haurtzaroan, familiako oinordeko ez zenez gero, alabentzako destino arruntenetako bat egokitu zitzaion: komentua. Katalinak, ordea, ihesari eman zion, 15 urte inguru zituela, eta Antiguako domingotarrak utzita, janzkera gizonezkoenen antzera atondurik, XVII. mendeko Gipuzkoan egin zitekeen abenturarik sinestezinenetako bat protagonizatu zuen.

Aitaren lagun zen Juan Idiakez erregeren idazkaria zerbitzatu zuen morroi, izeba bat ere bai, Donostian bertan, inork ezagutu gabe. Dena den, ibilaldi benetan gogoangarria Ameriketara joanda hasi zen. Han berehala sartu zen euskal familien harreman-sarean, XVII.aren hasieran jada sendoa baitzen. Juan Urkizu merkatariaren zerbitzupean jarri zen.

Iraindua sentitzeko eta ezpataz erantzuteko huskeria ere aski zuenez, Limaraino alde egin behar izan zuen, justiziatik ihesi. Han, armadan erroldatu zen, araukaniarren aurka egitera. Berriro ere babestu zen euskal gizarte-sarean; anaiak berak abegi egin zion, senidea zelakoan, baina arreba ezagutu gabe: horra babesa emateko eta harremanak ezartzeko familiaren kontzeptu zabalaren beste adibide bat.

Borrokalaria zen oso, bai guda-tokian, bai duelu eta edozein liskarretan. Valdiviako borrokan alferez gradura igo bazuten ere, berriro alde behar izan zuen ihesi: anaia eta biak aitabitxi gauezko duelu batera joan, zeinek berearen alde; ilunpean borroka korapilatu eta anaia, jakin gabean, hil egin zuen. Andeak Tucumaneraino zeharkatu zituen, bere indar eta setaren berri ematen duen ibilaldi gorabeheratsuan. Handik berriro ihes egin behar, bi emakumeri ezkontzeko hitza eman eta ez betetzeagatik. Iskanbilak, borrokaldiak, hiltzeko zigorrak, heriotzak, ihesak… denetarik ezagutu zuen Hegoamerikan barna luze-zabal ibilitako herrietan, harik eta Cuscon, ezpatari bat hil ostean, bera ere larri zauriturik, sexua aitortu zuen arte, hilzorian zegoelakoan.

Betiere euskal gizarte sareak babesturik, Guamangako apezpikuaren aurrean publikoki aitortu zuen bere sexua, eta kasua Amerika eta Europa osoan arreta handiz jarraitu zen. Kinka hartan, Santa Clara komentuan berriro moja sartu zen, bere babesle apezpikua 1620an hil zen arte. Orduan, artzapezpikuak Limara deituta, sekulako jendetzak harrera egin zion, eta Santisima Trinidad komentuan sartu zen. Europara 1624an bueltatu zen, itsasoan liskar bat edo beste eraginda. Erregeak abegi egin zion, baita Urbano III.a Aita Santuak ere, eta hark bere bizimodua egiten eta gizon bezala janzten utzi zion, betiere gehiegikeriak apalduta. 1645ean Antonio Erauso bezala Ameriketara itzuli ondoren, bat-batean hil zen 1650ean, Ayacuchon edo Quitlaxtlan, bertsioen arabera.

Frantzisko Loiola, Alonso Diaz Ramirez de Guzman eta Antonio Erauso izan ziren erabili zituen gizon-izenetarik hiru.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA