Ontziolak eta armadoreak

Kategoria:
Ekonomia
Izena:
Gipuzkoa Geroztik
Izenburua:
Ontziolak eta armadoreak
Date:
14/06/2011

Baserrienak bezala, itsasontzien eraikuntzak Gipuzkoaren eboluzio sozial eta ekonomikoa islatu zuen. Ontzigintzak ere, bada, garaian garaiko ezaugarriak izan zituen, XII. mendeko arraun eta belazko ontzien eboluzioak teknika zein edukiera aldetik nabigaziorako ontzi hobeak eta handiagoak lortu ziren eta. XIII. mendean bertan sumatu ziren aldaketak, zeren eta, ur txikitako eta kabotaiako ontziek (pinazek, baleontziek, txalupek, batelek) arraunak erabiltzen jarraitu arren, bela hutsez bultzatutako ontzi handien eraikuntzan aurrerapen galantak egin baitziren. Haren ondorioz, gero eta masta gehiago, finkoago eta konbinazio konplexuagoan erabiltzen hasi ziren. Txopa zuzenak eraikitzean eta txopa-zutoineko lemak ezartzean, bukatu zen ordura arte aurre-atzean ere barkuek zuten simetria. Era berean, belaontziek, batik bat kokek, bidaia luzeagoak egitea ahalbidetzen zuten heinean, itsasontziak ere handitu egin ziren, bai beletan, bai gainaldeko bizkar eta gazteluetan ere.

Itsasontzien garapena hiribilduen parekoa da. Batetik, ontzigintzan eta inguruko lanbide osagarrietan (zerrategietakoak, sokagintza, belen ehungintza, denetariko arotz eta errementari lanak…) aritzen zirenen talde soziala handitu ahala, hornigaiez asetzeko baso-ustiakuntza arautu eta erremintak egiteko burdinola gehiago sortu ziren. Bestetik, merkataritza garapen hari oso lotua zitzaion, hark ematen zion zentzua, ontzien behar gero eta handiago zuen heinean. Izan ere, ontzigintzara mugatu gabe, merkataritzak dena mugiarazten eta areagotzen zuen: mandazainen ugaltzea, bideen eraikuntza eta konponketa, handizkako nahiz txikizkako salerosketa, nekazaritzaz eta abeltzaintzaz ez ziharduen gero eta jende gehiagoren elikatzeko eskakizunak (sagardoa barne) asetzeko beharra… Nola edo hala, bada, ontzigintzaren eragina, kostaldera mugatu beharrean, lurralde osora hedatu zen.  

Gipuzkoako kostaldeko ontziolen hedakunderik handiena XVI. mendearen bukaeran gertatu zen, Atlantikoaz bestaldeko merkataritza eta arrantzari esker. Lehendabiziko fasean Urolako bokalean zabaldu ziren eraikitzeko zur-mailak, Zumaian, baita Deban eta Mutrikun ere. Gero, mendearen azken urteetan, Oriako estuarioaren eta Pasaiako badiaren okupazioa konstatatu zen, Oiartzungo errioraino, ontziola ugari sortzean. Haien ezaugarri nagusiak: neurri handiko ontziak eta tipologien ugaria (galeoia, lineako ontziak, fragatak), bertan Erregeren Armada eta Ontzidi orokorrerako ez ezik, amerikar merkataritzarako eta, geroago Merkatal Konpainia handietarako (Caracas eta Filipinak, jada XVIII.ean) ontziak egiten ziren eta.

XVII. mendean, Gipuzkoako itsastarren ekarpena batez ere teknikoa izan zen, kopurutan baino gehiago. Mende haren bigarren erdialdean ohiko eraikuntza metodoak zalantzan jarri ziren. Proportzioak eta trazatuak aldatu ziren, eta Antonio Gaztañetaren pentsamolde eta diseinuak nagusitzen hasi ziren. Espainiar Koroaren kanpo-politikaren auziak maiz gerren bidez ebazten zirenez, Armadaren berreraikuntza bat gertatu zen, eta hartan Gipuzkoako ontziolek ere parte hartu zuten. Frantziar inspirazioko eraikuntza-garaia zen, non lineako ontziek ordezkatu zituzten XVI.eko galeoiak. 1719an frantziar tropek Pasaiako ontziolak suntsitu izanak eragina izan zuen Koroak sustatutako jardunbidea Kantabriarantz lekualda zedin, Gaztañetaren zuzendaritzapean betiere. Hala eta guztiz ere, 1713 eta 1730 artean Gipuzkoan 31 itsasontzi eraiki ziren.

1729tik aurrera, eraikitzeko irizpideak ingelesenen alderantz aldatu zirela sumatzen da, Jeronimo Aizpurua Etxebesteren inspiraziopean eta Ensenadako markesaren babespean. Aldaketa batez ere baliabideen optimizazioan eta produkzio-erritmoen hobekuntzan sumatu zen. Berrikuntza haietan, Pasaian bertakotutako aizpuruatarrak nabarmendu ziren, familia hartako ondorengoak XX. mendera arte aritu baitziren ontzigintzan. “San Martin” (1746) dugu adibide galanta, Juan Arizmendi, Nikolas Aizpurua eta Manuel Aizpuruaren eskutik egina.

Mende haietako ontziolak ez ziren XX. mendean ezagutu ditugun lantegi industrialak, baizik eta itsasgora eta uhin bizietatik aldendutako espazio soilak, non ontzien osagaiak elkar josten ziren. Aterpetzeko hormarik gabeko estalpe xume bat, eta harmaila edo zur-maila (lanetan laguntzeko arrapala), beste osagai arkitektonikorik ez. Donibane Pasaiako Bizkaia auzoan Caracasko Konpainiak erabiltzen zuen ubide, kai eta arrapala adibide ona dira.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA