Belle Époque delakoa
Kronologikoki XX. mendeari lotuago dagoen arren –historialariek 1895 eta Lehen Mundu Gerraren bukaerako 1918 artean kokatu ohi dute- Belle Époque delakoaren jatorria XIX. mendean sustraitua dago.
Euskal Herrian, lehendabiziko aurrekina Isabel II.aren 1845eko udako egonaldia dugu, itsas osasuna zela eta bainuak hartzera Donostiara etorri zenekoa. 1868an erbestera joan arte, urtero ez, baina sarritan itzuli zen. Frantziako Napoleon III.a eta Eugenia Montijo enperadore-enperatrizak ere hurbildu ziren behin baino gehiagotan 1856 eta 1865 artean, Biarritzen uda pasatzen ari zirela aprobetxatuz. Monarkien bisitaldiok biziki bultzatu zuten Donostiaren izaera turistikoa, hitzaren hedapena bera baino lehen.
1887an Alfonso XII.aren alargun Maria Kristina Habsburgoko erregeordeak urtero etortzea erabaki zuenean, orduan bai, Gipuzkoako hiriburua zeharo bilakatu zen eliteko turismo espainiarraren jomuga… elitista, orduan bestelako turismorik ez zegoelako. Hala, bada, 1929 arte erregina ama urtero etorri zen, eta 1898an baizik ez zuen hutsik egin. Udako Gorte espainiarrak, politikariak eta aristokratak ez ezik, Espainiako zein atzerriko goi burgesia erakartzen zituen. Ingalaterrako Victoria erreginak ere, orduko mundu-potentziaren buruak, 1889an bisitatu zuen, hiria klase pribilegiatuen helmuga turistiko gisa sendotzen ari zen seinale.
Biarritzen ereduari jarraiki, Donostiak ere aisialdi eta ostalaritzako espazio eta egiturak bultzatu zituen. Aisialdiko turismoari arkitekturak egin zion ekarpenik handiena kasinoa izan zen, gaur egungo udaletxea, 1889an. Aldi berean, 1893an Miramar errege-jauregia eraiki zen, gortea udaro etorriko zen berme.