El Renacimiento en Gipuzkoa

Arquitectura Religiosa

Garai hartako adierazpen arkitektonikoak bat zetozen orduan zabaldutako garapen ereduarekin: elizbarruti baten edo ordena erlijiosoen egoitza nagusirik gabe, baina Kontrarreformaren testuinguruan; hiriburu zehatzik edo tituludun nobleziarik gabe, baina hiribildu eta herri askotan hedatutako maila sozio-ekonomiko jaso samarreko eta bere buruaz harro zegoen gizarte-geruza bazegoelarik, parrokiak ziren tokian tokiko nortasunaren emaile nagusietarikoak. Kontuan ere hartu behar da gehienetan haien “patroiak” (jabeak, gaurko hizkeraz esatearren) kontzejuak izaten zirela: haiexek hautatzen zituzten parrokoak eta haiexek zuten eraikitzeko ekimena, eta haiexek nahiago izaten zuten, beraz, nortasun kolektiboa halako eraikin erlijiosoetan adieraztea.



Arquitectura civil urbana

Bizilekuen arkitekturan, hiriko Dorretxea gailendu zen, eginkizun militarrik gabe, eraikitzaileen arrakasta ekonomiko eta sozialaren adierazgarri. Haiekin batera, zuzenean jauregi izateko sortutako eraikinak. Batak zein besteak, bi eraikin motek sarritan islatzen zuten lehengo leinu nobleen eta geroxeagoko oligarkia hiritarraren arteko nahasketa. Batzuk gotikoak ziren, beste batzuk, Errenazimendukoak, baziren adreiluzko fatxadetan osagai mudejarrak zituztenak ere. Adibideak ugariak dira oraindik, eta sarri kalitate handikoak: Liliko jauregi gotikoa Zestoan; Igartza, Beasainen; Oñatiko Lazarraga, eta abar.

Hiritar etxeen eboluzioa XV. mende bukaeran hasi zen nabaritzen. Izan ere, sute askoren ondoren, araudiek harri edota adreiluaren derrigorrezko erabilera agintzen zuten, zura habeetarako ez bestetarako utzirik. Bestetik, harresipeko barruti fisikoa ezin zabalduz, hazkunde demografikoa zela eta, harresiaren beraren gainean edota kanpotik eta barrutik atxikita eraikitzeari ekin zitzaion, bai eta etxeetan solairuak gora gehitzeari ere. Hondarribiko Panpinot eta garai hartako beste kale ikusgarri batzuk iritsi zaizkigu, teilatupeko hegalpe zabalak eta guzti. Bergara, Oñati eta Segurako alde historikoak ere aipagarriak dira. Seguran, gainera, Ardixarra etxeak oraindik orain eusten dio barruan eta kanpoan XVI. mendeko etxe burgesaren eiteari.

Garaiko arkitektura zibilean, ezbairik gabe, eraikin bat gailentzen da: Oñatiko Unibertsitatea, Elizaren hierarkian goi mailako karguak bete eta aberastutako Rodrigo Mercado de Zuazola oñatiarrak eraikiarazi eta sustatua. 1548tik 1901 arte irakaskuntzari dedikatua egon zen. Ataurre platereskoa du nabarmenena.



Arquitectura civil rural

Nekazal giroan ere, XVI. mendearen lehen erdialdean sekulako hazkundea gertatu zen baserrien eraikuntzan. Harrigarria da garai hartako eraikinen kalitatea, hurrengo mendeetakoa baino are hobea. Harrizkoak zirenetan ere, eusteko gaia zura izaten zen; izan ere, lehen solairuan paratutako sagardo.dolareak eraikinari eusteko egiturarena ere egiten zuen. Bi solairuko etxeak ziren: behekoan, familia eta abereen egoitza; goikoan, dolarea eta uztak biltzeko aletegiak. Neurri handikoak izanagatik (batez beste, 300 m2 solairuko), familiaren bizilekuak espazioaren bosten bat baizik ez zuen hartzen.



Arqutectura Militar

Eraikin militarrez ari garela, aldiz, 1200ean Nafarroako erregeri kendutako gazteluetatik, hiribilduetako bik bakarrik iraun zuten, hain zuzen mugaldekoek: Motako donostiarrak eta Hondarribikoak. Bietan erreforma handiak egin ziren Karlos V.aren garaian, XVI. mendearen lehen erdialdean, eta geroago, XVIII.ean. Hondarribian badago beste gaztelu bat: Higer lurmuturrean, XVI. mendearen bigarren erdialdean kortsarioen erasoei aurre egiteko eraikin txikia.

Más información en  “Fortificaciones en Gipuzkoa: s. XVI-XIX” (colección Bertan).



Escultura y pintura

Gipuzkoako eskultura errenazentista ia osoki erlijiosoa da. Elizetako erretaulak dira nagusi eta nabarmenenak, eraikitzeko garapen-aldi bizkorrari lotuta. Badira, baita ere, irudi bakartuak eta eskultura-multzoak, eta triptiko eta hilobi bakan baina bikain batzuk. Ataurreen artean, aipatu beharra dago Debako Santa Mariakoa, bertan ikonografia aukera zabala ikus daiteke eta. Errenazimenduan, artista gipuzkoar zenbaiten izenak gailendu ziren: Andres Araoz, Juan Antxieta eta bere dizipuluak, hots, Ambrosio Bengoetxea, Jeronimo Larrea eta Juan Iriarte.

Pinturak Gipuzkoan izan zuen jardunbidea ez dago eskulturak edo arkitekturak izandakoarekin alderatzerik, ez artelanetan, ez artistetan. Pintura higikorraren kasuan, kontserbatu diren ia obra guztiak inportatuak dira, Flandesetik ekarritako triptiko eta oholak, askotariko egileenak, eta italiar bat edo beste. Tarteka, egile ezaguneko artelan espainiarrak ere aurki daitezke. Europar Errenazimenduan horma-irudiaren teknikak goreneko maila jaso zuen arren, Gipuzkoan eskulturaren alternatiba merke gisa baino ez zen erabili. Ordukoa da Larraulgo grisallazko erretaula, eta Soreasuko San Sebastian elizako Bakardadearen Kapera, Azpeitian; biak, beste asko bezala, mendeetan ezkutaturik geratuak ziren, eta arestian berraurkitu dira.



2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN