Hiribilduak: bestelako eredu bat

Un modelo con continuidad

Zenbait komunitatek “hiribilduari” lotutako estatus juridikoa erdietsi izanak munta handiko aldaketak eragin zituen beren biztanleen osaera sozial, politiko eta juridikoan, hainbestekoa ezen XXI. mendeko udal konfigurazioa, hein handi batean, orduan sortu zen lurralde-antolamenduaren ondorio baita: berrehun urtetan, hiribildu bakar bat ez izatetik 2000 km2 eskasetan uniformeki banatutako 25 hiribilduren sare bat izatera iragan zen Gipuzkoa. Are inportanteago, ia lurralde osoa geratu zen haien jurisdikziopean.

“Hiribildu” gisa antolatu orduko, biztanleek hainbat abantaila eskuratzen zuten, inguratzen zituen munduaren aldean: babes militarra, beren legeak, berezko jurisdikzioa, Koroarekiko aliantza zuzena, partaideen arteko berdintasun aitortua… ongi definitutako lurralde zehatz batean. Handik at, Ahaide Nagusien botereak indarrean zirauen, gero eta muga gehiagorekin, ordea.

Kokaleku berriak haran barrenetan, ibai ondoan egiten ziren, eta hiriak harresi batez biltzen ziren, erasoetatik babesteko ez ezik, indarra eta beren burua antolatzeko ahalmena zutela erakusteko ere.



Hiribilduek beren buruak antolatzeko eskubidea zuten, fundazio-agiri edo foruan oinarrituta: hartantxe biltzen ziren fundatzeko eta garatzeko nondik norako juridiko eta administratiboak; hartantxe zehazten ziren egoera nahiz salbuespen franko: kargu publikoetan eta auzo gisa onetsia izateko baldintzak, merkataritzari lotutako zuzenbidea, arau-hausteen zigorrak, zerga-salbuespenak, basoen ustiakuntza eta bestelako baliabideen erabilerak, betebehar edo salbuespen militarrak, eta abar.

Ahaide Nagusiekiko menpekotasunean (harreman bertikala) ez bezala, hiribilduan, eginbehar eta eskubideen sorburu “horizontala” izaki, auzotasuna goresten zen. Eskubide osoko subjektuek osatzen zuten, bada, hiribildua, “bildu” egiten baitziren auzoen batzarretan. Hasieran, batzar edo auzoen asanblada haiek zabalik eta berdintasunez egiten ziren; alabaina, ez zuten luze iraun eta organo murritzago batek, urtero hautatutako erregimentu itxiak, ordeztu zituen, bandoen esku-hartzeak saihestearren, baina baita osatzen ari ziren eliteen nagusitasun gero eta nabarmenagoak eraginda ere.

Erregimentu haietako kargu gorena, jakina, alkatearena zen, komunitatearen lehen ordezkaria eta buruzagi militarra, eskumen behinena epaile izatekoa zuena. Erregidoreak eta beste kargu batzuk zituen laguntzaile, hiribilduen arabera kopuru eta egiteko desberdinak zituztenak.

Gero Gipuzkoa izango zen lurraldean hedatzen ari ziren foru haiek bi familia handitan bil daitezke: bata, Jakakoa, Lizarran zehar iritsi eta Donostiaren bidez finkatu eta zabaldu zena, kostaldeko hiribilduetan batik bat; bestea, Logroñokoa, Gasteizen bitartez zabaldua, jauntxo feudalen eragina hiribilduetan arautzeko egokiago gertatzen zena. Fundatutakoan emandako foru hartatik abiatuta, zeinek bere araudi eta ordenantzak idazten zituen, denboraren poderioz hiribildu bakoitzak bilarazitako interes eta tentsioen adierazgarri zaizkigunak gaur egun.



Jardunbideak

Bizirauteko nekazaritzari uko egin gabe (laboreak, mahastiak, eta abar.), baitezpadako jardunbide ekonomikoak eskulangintza eta merkataritza ziren. Eskualdeko merkatu handiago edo txikiago bat hornitzeaz gain, inguruetako oletan egindako burdina eraldatzen zuten: armak, iltzeak, ferrak eta era guztietako erreminta eta lanabesak, esportaziorako, bai eta ehunezko gaiak ere; horiez gain, Gaztelatik zetorren orok (artilea bereziki) edo Gaztelarantz zihoan orok (oihalak eta bestelako manufakturak) salerosketak egiteko aukera ematen zuten.

Kostaldeko hiribilduetan arrantzak eta balea-arrantzak eta itsasontzien eraikuntzak oparoago egiten zuten Penintsularen eta Mendebal Europaren artean itsasoratzen nahiz lehorreratzen zen merkatal trafikoa.



Hedapena

Hiritar eredu berriaren arrakasta zela eta, baserri giroko herrixkek ere halako kategoria erdietsi nahi zuten. Hiribilduen abantailek erakartzen zituzten aldirietako baserritarrak eta, fundazio-agiria eskuratu ezinik, herrixka asko eta asko batu zitzaizkien lehenago osatutako hiribilduei.

Izan ere, XII-XIII. mendeetako hiribilduak erregeen ekimenez fundatuak ziren bezala, XIV.ean. herrixkak ziren fundazioa erregeri galdetzen ziotenak, Ahaide Nagusiek ezartzen zizkieten presio eta segurtasun eza gainditu nahian.



2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN