Probintziaren erakundetzea

Batzar Nagusien eta Diputazioen erakundetzea

Probintziaren gobernuak lortu zuen garrantziaren eta garapenaren ondorioz, beharrezkoa zen Foru Aldundia erakunde izatea, Batzar Nagusien xedapenak gauzatuko zituen organoa izan zedin. Egile batzuen arabera, XV. mendetik egon dira diputatuak edo mandatariak, Batzarrek hartutako erabakiak gauzatzeaz arduratzen zirenak; baina erakundea berez XVI. mendearen erdialdera finkatu zen, seguruenik Probintziako gobernuak hartu zuen garrantzia eta garapena medio. Horrela, 1549. urtean eskaria erregistratu eta 1550eko apirilean jarri zuten abian Batzar Nagusien dekretuak burutzeaz arduratuko ziren diputatu nagusiak izendatzeko aukera. Diputatuaren kargua ere txandakakoa zen, Korrejidorearen behin behineko egoitzaren araberakoa (Donostia,  Tolosa, Azpeitia eta Azkoitia). Joan López de Olazabal izan zen modu horretan aukeratu zuten lehen diputatua, Tolosako alkatea zena, eta haren ondorengoa, berriz, Martin Ibáñez de Jausoro izan zen, Korrejidorea Azkoitira aldatu zenean. Lauzpabost urte behar izan ziren sistema  sendotzeko, baina 1567tik aurrera agerikoa izan zen arrakasta, diputatuaz gain kide anitzeko erakunde osoa, Foru Aldundia,  aukeratu zutenean. Erakundearen partaideak honako hauek ziren: Batzar bakoitzak erabakitako lau diputatu, txandako hiribilduetako (Donostia, Tolosa, Azpeitia eta Azkoitia) gizon printzipalenen artean aukeratutakoak (Probintziaren ordezkari), Korrejidorea (erregearen ordezkari) eta zegokion txandako hiribilduko errejimendua (hiribilduen ordezkari).

Garai honetan, Batzar Nagusiak finkatu egin ziren eta funtsezko bitarteko bihurtu ziren Gaztelako koroarentzat lurraldea defenditzeari begira. Oinarrian, aurreko garaiko funtzionamenduari eta antolaketari eutsi zioten, baina aldaketa batzuk izan zituzten. Eskumenak ere areagotuz joan ziren, egoera politiko eta ekonomiko berriaren ildotik.

Hiribildu guztiek botere maila bera ez zutelako aldiro sorturiko tentsioak tentsio, Batzar Nagusien bozka sistema pixkanaka finkatu zen: hiribildu bakoitzak zituen suen –hots, zergadun familien- arabera bozkatzen zuen. Beraz, Donostiak, Tolosak, Segurak eta Ordiziak, zuzenean (lehendabiziko biek bai behintzat) edo zeharka (azken biek, haien pean herrixka ugari biltzen ziren eta) biztanle gehiago zituztenez, boto gehiago zeukaten Batzarretan. Hark ez zuen esan nahi beren biztanleen interesek ordezkaritza zuzenagoa zutenik, zeren eta, era berean, hiribildu bakoitzeko barne-erakundeek “aristokratizazioranzko” joera garatu baitzuten, eta burdingintzan eta merkataritzan oinarritutako elite ekonomikoak –maiz lehengo Ahaide Nagusiekin senidetuta- bereganatzen zuen boterea, lehenik zeinek bere hiribilduan, gero erakunde probintzialetan.

Gipuzkoak legezko tresna berria bereganatu zuen garai honetan,  Zandateguik eta Cruzatek 1583an osatu zuten Foru Bilduman jasotzen dena. Probintziaren gobernuan, Gaztelako koroari begira, funtsezkoa izan zen Foru-baimena. Horri esker, Batzar Nagusiek aukera zuten Koroaren xedapenak onartu arren ez betetzeko, betiere Gipuzkoako foru-izaeraren aurkakoak zirela erabakitzen bazuten.



Kaparetasun unibertsala

Lehenago aipatu dugun “aristokratizatze” prozesuari teorian paradoxikoa den kontzeptua gehitu zitzaion, gero praktikan oso eraginkorra izan zena: Kaparetasun unibertsala. Kaparetasuna, nobleziaren mailarik apalena, askatasun juridikoan eta “petxak”, zerga indibidualak, ez ordaintzean zetzan. Abantaila hura berez hiribilduek erdietsitakoa zen, Tolosak lehenik eta gero gainerakoek, XIV. mendean zehar. Hiribilduen jurisdikziopeko lurralde osoak ere hartzen zituenez gero, baserri giroko herrixkak ere hartaz baliatu ziren. Areago, etxearen eta ahaidearen ohiko kontzeptutik abiaturik, hiribilduen ekimen sozial eta ekonomikoa gehituta, nobleziaren gizarte-maila zabal bat hedatu zen, lanbidez gerlaria ez baina, jatorrizko baserritarretan ere eskulangilea (“bere eskuz lan egiten duena”, garaiko hizkeran) eta merkataria (“denda daukana”). Kaletar (euskarazko bilau hitza literalki erdarazko villanotik datorren arren, erdeinuzko zentzu figuratua besterik ez du hartu, jatorrizko etimologia atzenduta) eta noble, Gaztelan bateraezina zena, Gipuzkoaren oinarri juridiko eta sozioekonomikoa bilakatu zen.



2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN