Hondarribiko harresi militarra

Karlos V.aren gaztelua (Hondarribia)
Hondarribiko hiribildu gotortua (Leonardus Ferraris. 1640) © Martín Izaguirre
Hondarribia harresipeko hiribilduaren ikuspegi orokorra © Gorka Aguirre

Harresia hiribilduen ezaugarrietako bat zen, defentsarako baliagarria zelako, baina baita sinbolo bat zelako, itxituraren barruan eta kanpoan bizi zirenen arteko aldea (ekonomikoa, juridikoa, eta abar) markatzen zuen eta. Gipuzkoan, funtzionaltasuna galdu ahala, hiri-sarean txertatu ziren pixkanaka, edo XIX.ean eraitsi ziren, hiriaren beharrizan berriak asetzearren (Donostiaren kasua). Geratzen diren aztarnen artean, inolako ezbairik gabe, Hondarribikoak dira nabarmenenak.

Plaza hark behin baino gehiagotan nozitu zituen setioak eta okupazioak, batez ere Errege-Erregina Katolikoek eta gero austriatarrek Frantziarekin izandako etsaigo-politika jarraituan. XV.aren erdialdera arte Lapurdi ingeles Koroaren menean egon zenez, harremanak eskuarki baketsuak izanak ziren. Europako hegemonien arteko aldaketek gatazkak eragin ahala, aldiz, haien adierazpideak mugaldeko zoko honetaraino iristen ziren. Horren adibide, 1476an pairatutako setioa. Gaztelarrek Nafarroa konkistatu zuteneko testuinguruan ere izan ziren setioak eta inbasioak, 1512an eta 1521ean.

Bidasoako estuarioaren gainean, Hondarribia ia osorik zegoen urak inguratua itsasgoran; itsasbeheran, aldiz, zabaltzen zen lintzura lohitsuak zaldizkoen ibilera erosoa galarazten zuen. Defentsa naturala indartzeko, Erdi Aroan bertan eraiki ziren harresia eta gaztelua, eta bertan goarnizioa paratu zen, erregeak eskualdea defenditzeko ezarritako gazteluzaina buru. Huraxe arduratzen zen hiribilduko arlo militar eta defentsiboaren mantenuaz: toki gotortuak, goarnizioa, hornidurak, anoak, agintari zibilekiko harremanak… Harresian egiten ziren obra ugariak haren zuzendaritzapean zeuden.
    
Armen bilakabide teknikoak beste hainbesteko bilakabidea eragin zuen Hondarribiko arkitektura militarrean: XVI. mendean, Donostian bezalaxe, gero eta hobea zen artilleriari aurre egiteko, murru hutsa nahikoa ez zelakoan, hesi-sistema oso bat eraiki zen. Era berean, bere artilleria-bateriak paratzeko kuboak ere egin ziren. Sistema konplexu bat izan zen emaitza, murru, harresi, itxitura, baluarte, kubo, lubaki, lubanarro eta hainbatez osatua, Erdi Aroko barrutia inguratu eta espazio zabala hartzen zuena. Gerora, berriz, zenbait proiektu proposatuagatik, aldaketa gutxi gauzatu zen. Lan gehiena harresien mantenu eta konponketetara mugatu zenez, armen berrikuntzari erantzun beharrean eraikinak beren hartan egonda, pixkanaka Hondarribiko plaza zaharkituta geratu zen.

Dena den, Hondarribia paradigmatikoa zaigu gotortze-faseen historian: Erdi Aroko harresiaren eta XV.-XVI.etako baluarteen arteko trantsizioa; defentsa-sistema berrien finkatzea, XVI.aren bigarren erdialdean; barrutien birmoldatze barrokoa XVII.ean, 1638ko setioaren ondoren bereziki, kanpoko defentsei lotutako aldaketa batzuk txertatu zituen eta; azkenean, abandonu fasea, XVIII.ean hasi eta XIX.ean areagotua.

Argibide gehiago: "Gipuzkoako Gotorlekuak: XVI. - XIX. mendeak" (Bertan Bilduma)

 

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN