Donostiaren fundazioa

Donostiako jatorrizko herriguneen planoa
Martin Gomisen gaskoiezko testamendua. 1362
Donostiako forua (1180 inguruan Nafarroako Antso VI.ak Donostiari emandako Forua ez da gordetzen. Eskuizkribu hau 1474 urtean egindako helarazpen bat da, eta 1543an korregidorearen aurrean izandako auzi baten zati da)

Santa Teresa komentuko indusketa arkeologikoek agerian uzten dutenez, erromatarren presentzia egon zen Urgull pean. Gero, batere arrastorik gabeko tarte luze-luze baten ondoren, eliza baten ondoan zegoen X. mendeko nekropoli bat azaldu da. Azken aztarnok bat datoz monasterio batek bultzatutako nekazaritza eta abelazkuntzazko birpopulatze batekin. Urumea, Oria eta Urola beheretako transhumantzia bideen susmoa badago jada 1025eko agiri batean, “Ipuscoa” lehen aldiz aipatzen duen hartan. Nolanahi zela ere, XI. mendearen bukaeran behinik behin San Sebastian monasterioaren ingurumaria (gaur egun Miramar jauregia dagoen tokian) gipuzkoar historia protagonizatzen ari zen.

Donostia, hiribildu gisa, Antso VI.a Jakituna errege nafarrak fundatu zuen, 1180an seguruenik, nafar monarkia garatzen ari zen estrategia zabalago baten baitan. Noski, Foruak ematen zion kategoria juridiko-politiko berriak ez zuen esan nahi hiri guztiz berri bat ezerezetik sortzen zenik. Izan ere, San Bizente eta Santa Maria elizak gutxienez 1178an daude dokumentatuak. Beharbada, bi eliza ziren lehendabiziko biztanleek bi komunitate osatzen zituztelako: bertakoak eta gaskoiak. Jakina da Baionatik iritsitako komunitate gaskoiak bertakotuak zirela Bidasoa eta Urumeako bokaleetan eta Pasaiako badian. Behe Erdi Aroan boterearen atal ugari haien kontrolpean zeuden, besteak beste, Donostiako kontzejua, eta onomastikan, toponimian (Embeltran, Narrica, Morlaans, Aiete, Monpas…) arrasto dezente utzi dute; egon ere, badago haien hizkuntzan idatzitako dokumentaziorik.

Fundazioa eginda, nafar erregeak jada bertakotutako populazioa finkatu nahi izango zuen, eta nabigazioan eta merkataritzan jarduten zuten gizatalde aloktonoak erakarri. Hiribildu berrian bertakotzeko “nafarrek” auzokoei baimena eskatu beharra, erreferentzia etniko edo jatorrizkoarena baino gehiago, jardunbidezkoa zatekeen. Hartara, nafarrak baserritarrak izango ziren, eta frankoak, kaletarrak. Besteak beste, auzoek honako abantaila hauek zituzten: dei militarretatik eta merkataritzarekin eta kontsumoarekin lotutako zergetatik salbuetsiak. Hiribilduan bertan epaituak izateko eskubidea aitortzen zitzaien auzoei, beren jurisprudentziaren arabera edo Lizarrako Foruarenera, hartatik eratorria baitzen donostiarra.

Hiribilduaren jurisdikziopeko lurraldea zabala zen oso, Bidasoako bokaletik Oriakoraino, eta itsasotik Nafarroako Aranoraino. Lurralde hartan gerora egindako fundazio berriak zirela eta (Hondarribia, Errenteria, Hernani, Usurbil, Orio…), auzi ugari piztu ziren, batez ere Pasaiako badiaren kontrolaren inguruan. Izan ere, hiribilduko ainguraleku naturala Kontxako badian, Urgullpeko harresien ondoan zegoen arren, eta tomboloaren beste aldean, Urumeako bokalean Santa Katalinako kai eta ontziola baziren ere, itsasontzien sakonera handitu ahala, Pasai San Pedro eta Herrerako aldea bihurtu zen Donostiako portu nagusia. Donostiak Gipuzkoako burdina eta Nafarroako artilea esportatzen zituen, eta Flandesko oihalak inportatzen. Gipuzkoa Gaztelaren menera iragan ondoren ere, Nafarroako erresumak Donostiaren merkataritza-jardunbidea babesten jarraitu zuen. Hiribilduak, Gipuzkoako kostaldeko beste batzuekin batera, merkataritza sustatzeko mekanismoak sortu zituen: Baiona eta Ingalaterrarekiko itun komertziala, euskal eta kantabriar portu batzuek Gasteizekin osatutako “Hermandad de las Marismas” delakoa, eta abar.

Hondarribiak bezala, biak mugako hiribilduak izaki, Donostiak gaztelua bazuen, eta gero harresiak zabaldu zituen, harik eta ia zitadela bat sortu zuen arte. 1864an lehen hiri-zabaltza eraikitzeko eraitsia, Bulebarreko lurpeko aparkalekuan ikus daitezke gotorleku haien arrastoak. Urgulleko gailurrean zegoen Motako gaztelua, aurreko gaztelu baten gainean eraiki zela esaten bada ere, 1199an dago lehen aldiz dokumentatua, behin hiribildua fundatu eta gero. Gaur egun dagoena XV. mendeaz geroztikoa da, seguru asko 1525 inguruan berreraikia. Urgullen barrena han-hemenka agertzen diren harresi, bateria eta bestelako aztarnak geroko mendeetakoak dira.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN