Elizaren eragin sakona

"Abadea" (Crocker & Barker.1839)
“Karlisten aldeko sermoia” (Zarza. 1842)
"Gurutzada berriak". 1870

XIX. mendeko Gipuzkoan, Elizak eragin handia izan zuen. Biztanle gehienak baserritarra ziren, sakabanaturik bizi ziren, eta parrokia zuten komunitateko beste kideekin harremanak izateko bilgune nagusia. Bertan jasotzen zuten informazioa, bai apezpikuen pastoralak, bai udalaren edo Diputazioaren azken ebazpenak. Igandero, berri-emaile inportanteena pulpitua zen. Apaizaren hitza ez zen zalantzan jartzen, eta hark helarazten zituen sermoi, zuzenketa, aholku edo aginduak “Jainkoaren hitza” bezala hartzen ziren. Gehienetan informazioa erdara hutsean eta idatziz jakinarazten zuten administrazio ofizialek ez bezala, zekiten hizkuntza bakarrean zuzenean hitz egiten zien apaiza autoritate ulergarri eta hurbila zitzaien baserritarrei.

XIX. mendearen erdialdean, hiru probintzietarako elizbarruti bakarra eratzea izan zen Foru Diputazioen helburuetako bat. 1861 arte, euskal lurraldeak Calahorra, Iruña, Santander eta Baionako elizbarrutietan banatuta zeuden. Arabako Diputazioa urte batzuk lehenago hasia zen Gasteizen elizbarruti berri baten egoitza jar zedila eskatzen, aduanen kostalderainoko lekualdatzeak Arabako hiriburuari eragindako merkatal krisia gainditu eta ekonomia piztu nahian. Jurisdikzioa galtzen zuten apezpikuek, ordea, uko egin zioten beste bat sortzeari, erabakiaren arrisku politikoa ere argudiatuz. Calahorrako apezpiku Justo Barbagerok baieztatzen zuenez, “Euskaldunek apezpiku euskalduna badute, kapitulu eta parroko euskaldunak badituzte, pastoralak, sermoiak, liburuak euskaraz badituzte, are gehiago atxikiko zaizkio mintzaerari, hiru probintzietatik harago hedatu nahi izango dute, galdutako lurraldea berrirabazi, hizkuntza nazionala bilakarazi.” Eta bukatzen zuen: “…eta honi gehitzen bazaio haien ohitura, tradizio eta foruei are zaletasun handiagoz atxikiko zaizkiela, nolabait hartarako baimen eta babesa emango zaienez gero, Espainian beste nazionalitate bereizi bat eratzen lagunduko zaie, eta banantzeko oinarri bat, etorkizunean naziotasun printzipioa aldarrikatu nahi luketenei.” Oztopoak oztopo, euskal Diputazioek 1862an erdietsi zuten helburua.

Euskal elizbarruti berri baten sorkuntzak beste bultzada bat eman zion kleroak herritarrengan zuen eraginari. Izan ere, Apezpikugo berriak beharrezkotzat jo zuen misioak antolatzea hainbat herritan, bekatuaren kontra eta bere ideologiaren alde. Lehendabiziko hamarkadan antolatutako 32 misioetan, misiolari jesuita eta frantziskotarrek mezak eta aitortza herrikoiak antolatzen jardun zuten. Arrasaten, adibidez, 1863an 1.200 lagun bildu zituzten jaunartzean, eta Zaldibian, urtebete geroago, 2.500. Misiolariek hamabi ordu baino gehiagoko lanaldiak egiten zituzten, konfesioak entzuten. Pentsatzekoa da emaitzak izango zituela halako ahaleginak, eta elizbarruti berriak bere mezua sarraraziko zuela Eliza kinka larrian zegoen une hartan.

1868ko iraultzak sekulako jipoia eman zien Elizaren autoritate moralari eta interesei. Kultuen askatasunaren onespena, jesuiten deserria eta ezkontza zibila erlijio katolikoari zuzenean egindako erasotzat hartu ziren. Isabel II.aren egozpenak, Aita Santua lurraldeez gabetu zuen erregearen seme Amadeo Savoiakoren tronuratzeak eta geroxeago Errepublikaren aldarrikapenak ez zuten “laidoztatutako” Eliza Katolikoaren zauria zornatu besterik egin.

Gipuzkoan, Hondarribiko 1869ko Batzar Nagusiek aldaketa erradikala erakarri zioten Diputazioaren eta Elizaren arteko harremanari. Ordezkari karlistek Batzarrak abandonatu zituzten azkenok onetsi zutenean, batetik, hamarrenen ezabapena suposatzen zuen parrokien erreforma, eta, bestetik, parrokien apaiz kopurua biztanleen arabera moldatu beharra, alegia, praktikan, murrizpena. Oiartzunen, adibidez, bederatzi apaiz izatetik sei izatera pasa ziren.

Apezpikuaren adostasunik gabe hartutako neurri haien ondoren, elizgizon gehienek karlisten alde egin zuten 1872ko altxamenduan. Santa Cruz apaiza izan zen euskal kleroaren partaidetzaren paradigma Bigarren Gerra Karlistan. 1873an, gipuzkoar gerrillariak, gobernu liberala ez ezik, azkenean agintari karlistak ere aztoratu zituen, hain jarrera guztiz fanatiko, anker eta diziplina gabea erakutsi zuen “Jainkoaren kausa” defenditzeko tenorean.

1876an Bigarren Karlistada bukatuta, monarkiaren Berrezartzearekin, Eliza Katolikoak berriro heldu zion gipuzkoarren eta oro har euskaldunen bizimoduan esku hartzeari, eta hein handi batean lortu zuen, zenbait pribilegio galdu arren. Horren adibide, Tradizionalismotik bereizitako ultrakatolikoek sorrarazitako Integrismoa, bai eta lehen nazionalismoaren jarrera erlijiosoa (Jaungoikoa eta Lege Zaharrak) ere.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN