Lehenago inoiz ez bezalako garapen ekonomikoa

Contexto europeo de expansión

1450 eta 1570-80 artean europar gizarteak ezagutu zuen hazkunde ekonomikoan Euskal Herriak eta Gipuzkoak ere parte hartu zuten. Gure lurraldeak, berez beti eskas zena laboretan, defizita berdindu ahal izan zuen bertako burdinaren eta Gaztela, Nafarroa eta Aragoiko artilearen esportazioari esker. Areago, beharrezko garia eta ardoa ez ezik, bestelako gaiez ere hornitu ahal izan ziren gipuzkoarrak, bertako portuetan elkartrukatzen baitzen Penintsularen eta Europa atlantikoaren arteko trafikoa, hein handi batean.

Garapen ekonomikoak, halaber, bide-sarea ere garatu zuen, garraio-beharrak asetzeko. Lurraldea baso eta uretan aberatsa izaki, burdingintza ez ezik itsasontzien eraikuntza eta merkataritza ere garatu ziren.

Economía del hierro Burdina: olak eta armagintza

Ezaguna da olek eta eskuarki burdingintzak Gipuzkoako ekonomian izandako eraginaren itzela (hona hemen kokapen eta produktuen mapa). Izan ere, lurraldeko meategiak ez ziren olak hornitzeko adina, eta mea Bizkaitik, batik bat Somorrostrotik inportatzen zen. Gipuzkoak bai zuela, erruz, oletako mekanismoak mugiarazteko indarra, ura, baita erregaia (egur ikatza) egiteko baso zabalak ere.

Olei esker jende askok eta askok lan egiten zuen, zuzenean (olagizonak, urtzaileak, arotzak, errementariak, armagileak, iltzegileak…) eta zeharka (meatzariak, ikazkinak, garraiolariak, aizkolariak, denetariko hornitzaileak…). Zeregin haietako asko baserritarrek egiten zituzten, lan osagarri baina funtsezkoa baitzitzaien etxe-familian oinarritutako abeltzain eta nekazaritzazko ekonomia defizitarioan. Zenbait ikerleren ustetan, burdingintzak, nola edo hala, biztanleen %20 eta 40 artekoei lan ematen zien.

Armagintza zuzenean lotuta zegoen burdingintzarekin, eta baitezpadako sektorea izan zen XV.-XVI.etako ekonomian, bereziki, baina ez bakarrik, Debako haranean, bai arma zurien ekoizpenean, bai suzkoenetan. Izan ere, 1573an sortu ziren Plaentziako (Soraluze) Armen Errege-Lantegiak, Koroaren beharrak asetzeko asmoz. Oraintsu arte herrian Erregetxe zaharra toponimoa gorde bada ere, armak ez ziren ekoizten gaur egungo lantegi modernoaren zentzuan. Bertan egin baino gehiago, bertatik kontrolatzen zen eskualde osoan egiten zen gaien horniketa, produkzio espezializatua eta esportazioa. Mea, ikatza, kirten, helduleku, lantza eta zurezko beste gaien zuhaitz-mintegiak, olak, mota guztietako tailerrak, maiz herri zehatzetan kontzentratuak –batzuetan, aizto eta sastakaiak, besteetan moskete eta arkabuzak, beste batzuetan ezpatak…- eta abar: osagai guztiek armagintza-sistema konplexua eratzen zuten, eta, Koroaren armadak hornitzeaz gain Andaluzian barna Indietaraino esportatzen zuten.

Economía del mar: Pesca, comercio y construcción naval

Hasiera batean, gipuzkoar portuetako merkatal jardunbide ia bakarra burdinaren esportazioa izan zen, zeren eta Europako beste portuetara egiten zen gainerako gaien esportazioa gehiago baitzen garraio eta bitartekaritza-lana ezen ez merkataritza bera. Alabaina, XV. mende bukaeraz geroztik, gipuzkoarren presentzia poliki-poliki areagotu zen Probintzian ekoitzi gabeko gaien salerosketan, Gaztela / Flandes ardatzeko garraio-lanetik harago. Mediterraneoko merkatuetaraino ere iritsi ziren gipuzkoarrak. Amerikak sekulako merkatua zabaldu zuen, burdina erruz kontsumitzen baitzuen, hain zuzen krisiak lehengo merkatuak uztera behartzen zuen unean. Arrantza jardunbideetarako aukerak ere zabaldu zituen kontinente berriak: Ternuko bakailao- eta bale-arrantza, 1530etik aurrera batez ere. Balea gehienbat koipea lortzeko ustiatzen zen, urtuta erregai bihurtzen baitzen katedralak eta bestelako eraikinak argitzeko. Bakailaoak ere barnealdeko demandak eskatzen zuen, erlijioak zenbait garaitan haragia jateko debekuak zirela eta.

Erdia Aroaz geroztik, ontziolak ere Gipuzkoako ekonomiaren funtsezko osagarri bat izan ziren. Estuarioen ugariak eta basoak kostaldetik gertu eskura izateak eta Penintsularen eta Europa atlantikoaren arteko merkatal arruten kokapen estrategikoak erraztu zuten haien garapena, hain zuzen hazkunde ekonomiko orokorraren garaian, XV. mende bukaeratik aurrera.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA