Foru instituzioen jatorria

Aurrekariak: Gipuzkoako Lurraldea

Ikusi dugunez, Goi Erdi Aroan Gipuzkoa bailaretan antolatuta zegoen, herrixka eta lur multzoek osatutako barrutietan, eta bertan biztanleria elkartuago edo bananduago bizi zen. Gipuzkoako Lurraldea zen. Gizarte-egituraren goi aldean leinu nagusiak edo kapareak zeuden, eta haien azpitik, berriz, bilauak, erregearen edo leinuen menpe zeudenak.

Lehen Ermandadeetatik Gipuzkoako Ermandade Nagusira

XIV. mendean “Gipuzkoako Lurraldeko” hiribilduen batzar partzial batzuk egin zirela ezaguna bada ere, Getarian 1397an egindakoa da Lurraldearen eratze politikoan mugarriarena egin zuena.

XIII. mendetik aurrera, Ermandade desberdinak eratu ziren, baina ez zituzten beren baitan biltzen gipuzkoar hiribildu guztiak, edota gipuzkoarrak ez zirenak ere biltzen ahal zituzten. Esaterako, Hermandad de las Marismas delakoa, 1296an sortua, itsastar hiribilduetako merkatarien interesek eginarazia zen, eta bertan Gasteiz, Santander, Laredo, Castro Urdiales eta Bermeo ere biltzen ziren. 1329tik aurrera, bidelapurrak harrapatzeko, Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako mugaldeko hiribildu batzuk ere batzen ziren; baina ermandade haiek ez ziren iraunkorrak, helburu zehatza beteta desegiten ziren eta. XIV. mendea aurrera joan ahala, ordea, bandoetako borrokek eragindako indarkeriari aurre egiteko ermandade zenbaiten osaketek, poliki-poliki, izaera desberdina zuen egitura politiko berri baten sorkuntza bideratu zuten. Nahiz eta 1362 eta 1370 arteko dokumentazioak behin baino gehiagotan “Gipuzkoako Lurraldeko Ermandadea” aipatu, 1375ean Tolosan egindakoa hartzen da Probintziako lehen Ermandadetzat. Harrez geroztik, eta lurraldean pairatzen zen bortizkeriari buru egin nahian, Ermandadeko alkate karguek eskumen bereziak zituzten Gipuzkoako edozein tokitan jardun ahal izateko, salatutako edozein kasu ikertzeko eta helegiterik ez zuten epaiak emateko.

1397ko uztailaren 6an Getarian egindako batzarrak lehen aldiz bildu zituen Gipuzkoako korporazio pribilegiatu guztiak (hiribilduak eta Alkatetza Nagusiak), Gipuzkoako Ermandade Nagusia aldarrikatzeko xedez, bildu ere. Gonzalo Moro korrejidorea buru zuela (erregek erakunde politiko berria sustatzeko interesaren adierazgarri), Batzar hartan hartutako ebazpenak Probintziako lehen Ordenantza Liburuan idatzi ziren. Orduko neurriak hurrengo mendeko koadernoetan zabaldu eta berretsi ziren (1415ean, 1457an, 1463an). Aipagarria da Alkatetza Nagusien presentzia, haien onarpenak Ahaide Nagusiek, hala nola Lazkaoko jaunak, Gipuzkoan zuten itzala onartzea baitzekarren, hain zuzen fundazio agiri edo forurik gabeko Alkatetza haiexetan zeukatelako botererik agerikoena. Hala eta guztiz ere, hark ez zion Getariako Batzarrari galarazi bandozaleen indarkeria geldiarazteko neurriak hartzea.

Batzar Nagusiak

Ematen du 1397an bertan ezarri zela jada Batzar Nagusiak dei zitezkeen bilera haien izaera ibiltaria. Apika, egoitza bakarra ez izateak ez zuen egitura sendorik eza adierazten, aitzitik ere, maila berdinean zeuden partaide guztiek Batzarrari harrera egiteko eskubidea baizik.1457ko Ordenantzen Koadernoan  finkatu zituzten txandaka Batzarren egoitza izango ziren 18 hiribilduak (hiru bailaretako bakoitzetik sei hiribildu). Era berean, bileren iraupena 12 egunetan finkatu zen, eta izendatutako hiribilduetatik kanpo egitekoak ziren Batzarrak Usarragan (Bidegoian) eta Basarten (Azkoitia) burutuko zirela erabaki zen.

1472an baieztatu ziren, bai biltzeko datak (Berpizkunde Pazkotik 13 egunera eta Domu Saindutik 13 egunera), bai 18 egoitzen txandakatze-ordena. Halaber, bilkura-egunen kopurua, partaideen eserlekuen ordena, bai eta haien janzkeraren kolorea bera ere arautua zegoen. Eskribau batek partaideen egiaztagiriak jaso, jorratutakoa baietsi eta aktak idazten zituen… Laburbilduz, Batzar Nagusiei zegokien oro zorrotz protokolizatu zen, instituzio gisa ematen zitzaien garrantziaren erakusgarri.

Batzarren gobernu-eskumenak, judizialak eta fiskalak zabalak ziren, eta sendotuz joan ziren XV. mendearen bigarren erdian. Honako hauek ziren erakundeko partaideak: Erregearen ordezkari zen korrejidorea, lehendakari izaten zena; lehendakari aholkularia, Batzarra egiten zen hiribilduko udalak izendatzen zuena; eskribau fidela edo Batzarraren idazkaria; Ermandadearen barruan, bilera egiten zen herritik hurbilen zeuden bi hiribilduetako  alkateak; eta azkenik, prokuradoreak, 25 hiribildu pribilegiatuetako ordezkari zirenak. Hiribildu horiekin bat egin zuten Aiztondoko, Areriako eta Sayazeko alkatetzek, 1497an Leintz Gatzaga batu zitzaien eta 1509an, berriz,  Oiartzun. Horrenbestez erabaki zutenez, 30 hiribilduk zuten ordezkaritza erakundean.

Bilerok aldizka egiten baziren ere, luze jotzen zuten, eta ondorioz, diputatuen edo mandatarien esku uzten zen Batzarren agindu eta txosten ugari gauzatzeko ardura. Halere, figura hori ez zuten ofizialki onartu XVI. mendearen erdira arte. Beraz, garai honetan eman zitzaien hasiera gaur egun Gipuzkoako Lurralde Historikoaren bereizgarri diren erakundeei: Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia.

Argibide gehiago: Gipuzkoako Batzar Nagusiak

Egituratzea eta finkatzea: Ordenantzen Koadernoak

Hiribilduen arteko aliantzen emaitza Ermandade Nagusia izan zen, eta bide horretan aurrerapausoak eman ziren berezko antolaketa eta eskumenak izango zituen erakunde kolektibo iraunkorra sortze aldera: Batzar Nagusiak.

XIV. mendearen bukaeran eta XV. mendean zehar Probintziaren antolaketa- eta egituraketa-prozesua burutu zen, Ermandadearen Ordenantzen Koadernoak oinarri hartuta (1397ko Ordenantzen Koadernoa, 1415eko Ordenantzen Koadernoa, 1453ko Ordenantzen Koadernoa, 1457ko Ordenantzen Koadernoa, 1463ko Ordenantzen Koadernoa eta 1482ko Ordenantzen Koadernoa). Batez ere 1457ko eta 1463ko Ordenantzen Koadernoak izan ziren erakundearen ezaugarriak zehaztu zituztenak. Horrela, gaizkileak harrapatzetik haratago, erakundearen helburu nagusia Lurraldea eta Ermandadea bera antolatzea izango zen.

Garai horretan, Ermandadearen aginduz, erakundearekin zerikusia zuten lege-xedapenak kopiatu zituzten liburuetan, eta horien artean nabarmentzekoa da Bolloien Liburua (1481-1505), Domenjón González de Andía Probintziako lehen eskribau fidelak egin zuena. Dokumentu horiek guztiak Gipuzkoako Artxibo Orokorrean (Tolosan) gordeta daude.

Garai horretan berebiziko garrantzia izan zuen Gipuzkoako Ermandadearen eta Gaztelako Koroaren arteko harremanak, eta elkarri eman zioten laguntzaren adibide dira  Azkoitian, Arrasaten edo Bergaran ahaide-bandoak debekatu izana  eta Enrique IV.ak 1466an Probintzia Noble eta Leiala izendatzea. Dinastia arteko gerran ere asmatu egin zuen Gipuzkoak, isabeldarren alde egin baitzuen, 1475ean Erreginak Probintziaren lege propioak berrestearen truke. Korrejidorea zen Koroaren ordezkaria, eta haren eta Gipuzkoako erakundeen arteko harreman orekatsuari eustea izan zen hartu-emanaren erronketako bat. Halaber, urte horietan Ermandadearen lurraldetasuna finkatu zen; 1497an Gatzaga eta Leintz bailara gehitu zitzaizkion, eta azken horren kasuan Oñatiko jaurerriarekiko jurisdikzio-talka gertatu zen.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA