Leinuen, bandoen eta hiribilduen arteko gatazkak

Guztiekin eta guztien aurka

Ikusi dugunez, Goi Erdi Aroko bailara-egituraren gainean hiribilduak sortu ziren Gipuzkoan XII. mendetik aurrera. Ondorioz, bailarak desegin egin ziren, udalerri forudun  bilakatutako herrixkak banandu baitziren. Horrek tirabirak eta auziak sorrarazi zituen hiribildu berrien eta tokiko nobleziak kontrolatutako bailaren artean.

Gipuzkoako lurraldean, leinuek, beren arteko borrokaldiez gain, hiribilduen aurka eta beren nekazarien aurka ere jotzen zuten. Beharbada, bando hitza baino, aproposagoa litzateke presio-talde hitza aipatzea, zeren eta jatorri askotariko partaideek osatzen baitzituzten bandoak, eta gatazka zehatzen arabera aliantzak aldatu egiten ziren.

Ahaide Nagusiek lurraldearen, baliabide ekonomikoen eta jendeen gainean inposatzen zuten eragina ahuldu ahala, leinuek estrategia bikoitza gauzatu zuten: batetik, beren artean aliatu eta hiribilduen botereari aurre egitea; bestetik, hiri-oligarkia hasiberriekin bat egitea. Haien iraupen eta egokitzapenerako bigarren aukera eraginkorrena izan zen arren, hasieran gerrara jo zuten, bai Gipuzkoan bai beste euskal lurraldeetan.

Hiri ereduaren garaipena

Aldi berean, Gaztelako erregeak antolaketa ekonomiko eta administratibo berria eman zion Gipuzkoari, Nafarroaren eta Gaztelaren arteko muga baino gehiago zela onartuta. Gipuzkoako Lurraldean zituen interesak sendotzen saiatu zen erregea, bailarak kontrolatzen zituen nobleziaren aurrean.

Hiribilduek, bat eginik eta monarkiarekin aliaturik, militarki ere garaitu zituzten (1456) jauntxoak. Garaipenaren ondoren lurraldea eratu eta antolatzeko idatzitako Koadernoetan agertzen hasi zen harremana, funtsean, politikoa zen, partaideen berdintasun eta horizontaltasunean oinarritua (teorian behintzat). Hiribildu haiexen Batzar Nagusiak, hots, aldiro biltzen zen asanblada, gehi aparteko bilerak eta ordezkari baten delegazio iraunkorra, diputatu nagusiarena, daude gaur egun Gipuzkoako Lurralde Historikoa izenez ezagutzen dugun konfigurazio juridiko eta politikoaren jatorrian.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA