Baserria eta oinetxea

Kategoria:
Kultura
Izena:
Gipuzkoa Geroztik
Izenburua:
Baserria eta oinetxea
Date:
14/06/2011

Nekazaritzaz edota abelazkuntzaz diharduen ustiakuntza-unitate gisa gainbehera dagoen arren, baserriak instituzio bat izaten jarraitzen du, eta hala da, eraikinaren zer-nolako arkitektonikoak edo lurren luze-zabalak gora-behera, familia baten adierazpiderik behinena delako, behinola baita unitate juridiko bat ere. Euskal baserriak bereizten dituzten ezaugarrien artean berezienetakoa, denek izen ofiziala dutela. Izenak eta orubearen gaineko oinetxeak mendeetan zehar iraun dute, gaineko eraikina itxuraldatuagatik, edo lurren erabilera aldatuagatik. Izan ere, oinetxe diren baserrietan topa daiteke euskal deitura gehienen jatorria.

Zentzu ekonomikoan, familia bati lotutako ustiakuntza-unitate modura, ematen du baserria XII. eta XIII. mendeen artean eratu zela. Mendi behereko nekazaritza- eta abelazkuntza-ekonomia hartan, populazio gehiena hiru taldetan banatzen zen. Abantaila gehien zutena aitonen seme edo jabe askeak ziren; lantzen zuten lurraren eskubide osoko jabeak zirenez, ez zioten erregeri ez beste ezein jauni inolako zergarik ordaindu beharrik. Talderik zabalena nekazari aske edo petxadunena zen; askeak zirenez beren baserriak nahierara kudeatzen ahal zituzten, baina bertan behera utzi gabe, haietarik lortutako etekinez petxa izeneko zergak ordaindu behar zituzten eta. Behereneko mailan, jopu edo nekazari-morroiak, jauntxo feudalen menpeko laborariak, askatasun pertsonalik gabeak. Erdi Aroko herri-gune egonkorretan banatutako populazioa ere ez zen homogeneoa, eta hainbat tipologiatan bereizten zen: baserri bakartuak, gutxi eta geroago sortuak, beharbada abereen saroiak urte osoz era iraunkorrean okupatzetik eratorriak; familia bakarreko baserri komunitateak, sakabanatuak baina elkarrengandik hurbil, gutxienez XI. mendetik aurrera dokumentatuak; herrixka batean –hiritartu eta antolatu gabe betiere- bildutako zenbait etxek osatutako komunitateak, hilerridun eliza baten inguruan, gutxienez Debagoienean IX. mendeaz geroztik. Garai hartako bizilekuak zurezko etxolak ziren, gaur egungo baserriak baino askoz ere txikiagoak.

Gaur egun ikusten ditugun baserri zaharrenak ere haiek baino askoz berriagoak dira, XV.-XVI.etan eraikiak. Formula berriaren arrakastak zerikusi handia izan zuen petxadun eta morroi izandako nekazarien emantzipazioarekin, alegia, kaparetasunaren maila juridikoa haienganaino orokortzearekin. Garai hartako baserria etxe bat zen arren, familiaren bizitokiak, berez, oso espazio txikia okupatzen zuen, eraikinaren gehiena abereen aterpe, uzten aletegi eta eskulangintzarako edo abere eta landareetatik eratorritako produktuak eraldatzeko erabiltzen zen eta. Sagardo-dolarea, lehen solairuan paratua zelako, funtsezko osagaia zen, haren habeek etxeari ere eusten zioten eta.

XVII. mendean Gipuzkoak nozitu zuen burdingintzaren eta merkataritzaren beherakada bat etorri zen artoaren hedapenarekin. XVIII.ean babarruna eta arbia (abereentzat) gehitu ziren, eta XIX.aren hasieran, patata. Sozialki, baserritartze fenomenoa lur-jabegoak esku gutxitan kontzentratu izanaren ondorio bat ere izan zen, Ameriketan edota merkataritzan pilatutako kapitala alokatzeko baserrien erreformara edota berrien eraikuntzara bideratu zen eta. Emaitza, baita arkitektonikoa ere, sarritan baserri bakarrean bi familia maizter bizi izatea.

XX. mendean ez da baserri berririk sortu. Hala ere, eraikin zahar asko eraberritu eta gehienak gaur egungo bizimoduaren beharretara egokitu dira. Nekazaritzaz edota abelazkuntzaz jarduten jarraitzen dutenek eraikin laguntzaileetara pasarazi dute jardunbidea, eta jatorrizko eraikina batez ere etxebizitza bihurtu da.

Argibide gehiago : "Baserria" (Bertan Bilduma) eta Igartubeiti Baserri - Museoa


2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA