Menosca

Kategoria:
Industria e infraestructuras
Izena:
Gipuzkoa Geroztik
Izenburua:
Menosca
Date:
14/06/2011

Iturri klasikoek, Pliniok, hain zehatz, gaur egun Gipuzkoa izenez ezagutzen dugun lurraldeko kostaldean zenbait asentamenduren berri ematen digute. Haietako bat da Oiasso civitas delakoa, baskoien lurraldean, oraingo Irunen eta inguruan kokatua. Pliniok berak aipatu zituen Morogi, Menosca eta Vesperies oppida (gotortutako herriak) delakoak ere, barduliarren lurraldean.

Zarauzko Santa Maria la Real elizan egindako indusketek argi eta garbi erakusten dute I. mendean bazegoela mendietatik jaitsitako komunitate barduliar bat itsasertzean. Oso litekeena da lehendabiziko asentamendu hark harremanak izatea kostaldean bertakotzen ari ziren erromatarrekin, zeren eta Oiasso eta Forua arteko lerroan haien kabotaiako nabigazioak bertako komunitateen garapena areagotuko baitzuen. Azken aurkikuntzen arabera, Menosca Deba-Oria ibaiek eta Ernio mendiak osatutako triangeluan kokatzen zela uste da.

Kokalekua hautatzerakoan, erromatar asentamenduetan ohikoak ziren irizpideen eskema klasikoa aurki daiteke: segurtasuna eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzea, eta modu hierarkiko eta espezializatuan antolatutako espazioen banaketa. Hortaz, mendian meatzaritza eta metalurgia aztarnak topatzen dira (lehengaia Pagoeta eta Aizarnatik Arbiuneraino eramango zuten, non, baliabide eskasak zituztenez, teknika arkaikoak erabiliz landuko zuten); kostan bertan, aldiz, Getaria izan zitekeen bai lehorreratzeko tokia, bai arrantzari lotutako lanen egoitza. Erromatarren garaiko aztarnak hirigune historiko osoan agertu dira, batik bat San Salbador parrokia-elizan. Meagas, Elkano, Urezboroeta, Urtiaga zahar… dira eskualdeko erromatar puzzlea osatzen laguntzen diguten tokiak.

Menosca hirigunea bizi-bizi zegoen gure aroko I. eta V. mendeen artean. Gero, aztarna arkeologikoak mendeetan desagertu, eta berriro agertzen dira Erdi Aroaren hasiera aldera. Bien bitarte luze hartan, aztarnak berriro mendian eta kobetan aurkitu dira, eta populazioak bizimodu ibiltaria zuela iradokitzen dute. Hartan, Amaldako koba da espazioaren okupazioak izandako bilakabide sozialaren adibiderik argiena.

Argibide gehiago: www.menosca.com

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA