Praileaitz I.eko zintzilikarioak

Zintzilikarioak, aurkitu ziren ordena berean
Hirugarren lepokoaren zintzilikario bakarra
Lepoko handiaren zintzilikarioak

Praileaitz I izeneko kobak ezagutzen diren gainerako kobek ez bezalako erabilera izan zuen. Ez gaude talde batek bolada batean erabilitako koba batean, behintzat ez dago horren arrastorik, eta ehizarako edo jakien bilketarako koba bat ere ez zen. Koba berezi bat da, kanpoaldeak berak -sexu emearen tankera baitu-, eta kokapenak -Deba ibaiaren gainean eskegita- salatzen dutenez. Ahoak zazpi bat metro diametro eta bi metro eskas garai den gela batera garamatza. Espazio abegikorra da, neurriengatik ez ezik, lurra estaltzen duten harlauzengatik eta bestelako xehetasunengatik ere (haragirako biltegia, beheko sua, harrizko eserlekua)… hori bai, biztanle bakar batentzat, omen. Ez dago halako kobetan aurkitu ohi diren hondakin edo tresnen aztarnarik, eta bai, ordea, pinturen eta okrezko arkatzen arrastoak.

Atzeko espazioa ere, soil eta garbi-garbia, zirraragarria da. Hala ere, harrigarriena bi gelen arteko pasabidean aurkitu da: hogei bat zintzilikario –hautsitakoak kontuan hartu gabe-, txukun paratuak, harri beltz distirantean eginak, bost lepoko osatuz, zizelkadura eta ebaketa ugariz tailatuak. Harriok, beren baitan, informazio asko adierazten dute: formen eta koloreen arabera xehe-xehe aukeratuak izan direla, zulatzeko eta zintzilikario modura erabiltzeko arreta handiko lana egin zaiela, sinbologia sakoneko emaitza lortzeko landutako multzoa dirudiela. Banan bana harrigarriak badira ere, haietako hamalauk osatzen duten multzoa zinez sinestezina da. Zintzilikariok egiteko, harriez gain animalia-letaginak ere erabili izana aipagarria da. Eta hautsitako piezak ere oso iradokorrak dira, hain zuzen badirudielako halabeharrez ez baina beharbada nahita hautsi zirela.

Gaur egun, ezin asmatu haien esanahiak edo betekizunak: apaindura hutsak? Nolabaiteko hierarkia, edo bestelakorik adierazi nahi? Zenbait erritotarako tresna edo baliabide, ote? Aztarnok eta ingurua azaltzeko, xaman moduko baten koban gaudela pentsatzea da ulerbiderik koherenteena.

Argibide gehiago:  "Praileatz I haitzuloko Madeleine aldiko zintzilikarioak" (Bertan Bilduma)

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN