Ekaingo zaldiak

Zaldien panel handia
"Zaldei" galeria
Gorriz eta beltzez margotutako zaldia

Ekaingo koba Sastarraingo erreka gainean dago, Debako udalerrian, Zestoako mugatik oso gertu. Barruan gorde den horma-irudien multzo zirraragarria Madeleine aldikoa da (duela 14.500-10.000 urte). 2008ko abuztuaren 13an, UNESCOk Paleolitikoaren arte-adierazpide bikain hau Gizateriaren Mundu Ondare izendatu zuen, eta hain ondare garrantzitsua iraunarazteko nahiak eraman du erreplika zehatz eta xehe bat egitera (www.ekainberri.com), jatorrizko kobaren sarbidea publikoari galarazia zaio eta.

Jatorrizko koban sartuko bagina, zuzenean beltzez pintatutako zaldi-buru handi bat topatuko genuke. Handik aurrera, marrazkiak bost multzo handitan banatzen dira: Lehendabizikoan, alboko galeria batean, zenbait ahuntz eta orein, bai eta izokin bate ere. Beste tokietan bezala, erliebea ere baliatu eta irudien parte bihurtu zuten; gainerakoan, aldiz, kobako multzo bereizia da hemengo hau: zaldirik ez; oreinak grabatuak daude, eta beste animaliak, beltzez pintatuak. Galeria nagusiko erdialdean dugu “horma-arte franko-kantauriarreko osoan topa genezakeen zalditegirik ederrena”: 25 zaldi eta 9 bisonte, munta gutxiagoko beste zenbait irudiren ondoan. Beltza nagusi bada ere, kolore gorria ere agertzen da. Hirugarren multzoa hartz bikote batek osatua da, eta kobaren hondoraino garamatza, beste bi multzoak dauden tokira: laugarrenean, zazpi zaldi, eta grabatutako lerro batzuk; bosgarrenean, berriz, bi errinozero omen diren grabatu batzuk.Ekaingo koba Sastarraingo erreka gainean dago, Debako udalerrian, Zestoako mugatik oso gertu. Barruan gorde den horma-irudien multzo zirraragarria Madeleine aldikoa da (duela 14.500-10.000 urte). 2008ko abuztuaren 13an, UNESCOk Paleolitikoaren arte-adierazpide bikain hau Gizateriaren Mundu Ondare izendatu zuen, eta hain ondare garrantzitsua iraunarazteko nahiak eraman du erreplika zehatz eta xehe bat egitera (www.ekainberri.com), jatorrizko kobaren sarbidea publikoari galarazia zaio eta.

 
Deigarria da zaldi gehienen orientazioa, hartzen alderantz. Eta iradokorra da, oso, kobaren erdian dagoen arroka, irudi-multzoaren ondokoa, zaldi-buru baten antz izugarria du eta. Sudurzuloa litzatekeena zizelkatua dagoela ematen du, eta zaldi-bisontearen bikotea du lagun. Horregatik, beste irudi bat delakoan, eta hasierako pinturarekin batera, zaldiari bereziki eskainitako koba zela pentsatzen da.
 
Zer helburu, zer eginkizun betetzen zuten irudi haiek kobaren sakonean, bertan bizi zirenen begietatik urrun? Nekez izan zitezkeen apaingarri hutsa. Hortaz, zenbait teoria planteatu da: Haietako batek elkarketazko magiarena proposatzen du: animalia iruditan “ehizatuta”, benetakoaren ehiza errazten bide da. Dena dela, Ekainen behintzat, kobako sarrerako giza asentamenduan ez da gehien irudikatutako animaliaren hezur aztarnarik aurkitu, eta bai gutxitan azaltzen diren beste batzuenak: oreina, basahuntza, bisontea. Honek beste teoria bat proposa lezake: zaldia totem edo animalia sakratu gisa, Ekaingo biztanleen ikurra, beraz, errespetatu beharrekoa. Alabaina, barruan agertzen diren irudietan azkonez eta geziz zauritutako zaldiak, hots, ehizakiak, argi eta garbi azaltzen dira. Beste teoria batek xamanismoa aipatzen du: teoriaren arabera, zenbait pertsona, baldintza oso zehatz batzuetan, unibertso paraleloetako indarrekin harremanetan jar litezke; trantzera iristen laguntzeko, espirituak animalien itxuran ager lekizkioke xamanari.
 
Jesus Altunak dioenez, beharbada teoria guztiek badute egiatik zerbait, fenomeno osoa azaltzeko bakar bat ere nahikoa ez den arren. Halaber, ezin da baztertu halako irudi bikainak egiteko adina trebezia zuten gizakiek irudi haietan batzea, batetik, espiritu eta transzendentziaren mundua, eta, bestetik, orain “arte” hitzez izendatzen dugun adierazteko behar hutsa, historia osoan zehar egin den eta gaur egun egiten jarraitzen den bezala.

Argibide gehiago: "Artearen sustraiak Gipuzkoan" (Bertan Bilduma)
 

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN