Erromatarren presentzia

Gainbehera eta ondarea

Oiassoren gainbeherak, II. mendearen bukaeran eta III.ean, ez zuen esan nahi erromatarren eragina desagertua zela Gipuzkoan, baizik eta jardunbideak beste hirigune batzuetara lekualdatu zirela, Oiassok erdietsitakoa baino garrantzi gutxiagoko lekuak baziren ere: III. eta IV. mendeetako aztarnak aurkitzen dira kostaldeko beste zenbait tokitan, hala nola Donostian, Zarautzen, Getarian, bai eta barnealdean ere, Leintz Gatzagako gatz-iturriaren ustiakuntzan, eta Urbiako bazkalekuetan, Arabako lautadarekin harremanetan. Aldiz, antzematen da, geratutako aztarnak trauskilagoak direnez gero, merkataritzaren gainbehera, bai eta komunitateek bere burua asetzeko, areago, kobak berriro bizitoki bihurtzeko joera ere. Komunikabideak, kostaldekoak bereziki, eteten edo askoz gutxiago erabiltzen dira.

Alabaina, erromatarren kultur ondarea sekulakoa izan zen, bai garai hartan bertan, eraikuntza, meatzaritza eta metalurgiako tekniketan, bai gaur egun, bertako nekazaritzan (mahatsa, gerezia, pikua, arana…), egutegian, joko eta ohitura askotan, euskaran berean, mailegu asko hartu baitu latinetik; eta bereziki erlijio berrian, kristautasunean, Erromatik hedatu baitzen.

Zarautz: continuidad en el uso del espacio

Erroma lurraldean

Erromak sarrarazten du Gipuzkoa protohistorian, hau da, aztertutako lurraldea aipatzen duten agiriak lurraldez kanpokoek idatziak diren garaian. Aspaldi honetan agertzen ari diren aztarna arkeologikoen argitan testu klasiko greko-erromatarrak berriro irakurrita, garbiago uler dezakegu nolakoak ziren lurraldeko biztanleak, eta nolako bizimodua zuten. Erromatarren konkistak ez zuen inondik inora lurraldearen kolonizazio sistematikoa ekarri; izan ere, Inperioak ez zuen bertan interes handirik, oso toki zehatzetan ez bazen. Baina azkenean haien kulturaren eragina sakon-sakona izan zen. Egia esan, zeharkako eragina, inguruko lurraldeen bidezkoa, lehenagokoa zen: Iruña gainean Pompaelo fundatua zuten K.a.-ko 76 urtean, eta Asturica-Burdigala (Astorga-Bordele) bide nagusiak Arabako lautada eta Nafarroako Burunda zeharkatzen zituen. Haren lekuko, Ataunen topatutako txanponak.    

Ezbairik gabe, Oiasso izan zen erromatarren gune nagusia Gipuzkoan: Bidasoako estuarioan, portua itsaso zakarretik babestua zegoen, non eta Mediterraneotik hurbilen zegoen Atlantikoko zokoan; Oiasso-Tarraco lehorreko bideak itsaso biak lotzen zituen. Britaniaren eta Germaniaren konkistaren ondoren, are garrantzi handiagoa izan zuen, Atlantikoan itsas trafikoa ugaltzearekin batera.

Gai honi buruz gehiago irakurtzeko: "Erromatar garaia" (Bertan Bilduma).

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA