Lehen gizaki-taldeak
Behe Paleolitoa
Giza aztarnarik zaharrenak duela ia 200.000 urtekoak dira, Debagoieneko Lezetxiki eta inguruetako kobazuloetan agertutakoak. Gizakien eta animalien aztarnei lanabesak eta apaintzeko gaiak gehitzen zaizkie. Armak eta tresnak egiteko silexezko harrien beharrak baldintzatuko zuen non kokatu. Klima gaur egungoaren antzekoa izango zen, atlantikoa, heze epela; haritzek eta hosto erorkorreko beste zuhaitzek osatutako basoak izango ziren nagusi; oreinak aurkituko ziren, eta bisonteak, zaldiak, hartzak… Baina tartean izan dira hotz ikaragarri handiko aroak, glaziazioak, non errinozero iletsua bezalako animaliak aurkituko ziren, paisaia mota tundra izango baitzen, eta halakoetan gizaki-taldeak kostalderantz edo koba ez oso garaietarantz jaitsiko ziren.
Patrimonio de la Humanidad
Denen artean, arrastorik interesgarrienak, eta iradokorrenak, ezbairik gabe, Ekaingo horma-irudiak dira, zaldi bikainak eta guzti, bai eta Altxerriko horma-grabatuak ere, non bisonteak diren nagusi. Irudiok, ordea, ez dira ataritik gertu egoten, oso sakon baizik, irispide zaileko eta argi naturalik gabeko zokoetan; badirudi, bada, berretsi egiten dela gaur egun historiaurreko artea deitzen dugun hark izaera magikoa, xamanikoa zuelako ustea.
Las pinturas rupestres de Ekain y Altxerri han sido declaradas por la UNESCO Patrimonio de la Humanidad.
Gai honi buruz gehiago irakurtzeko: "Artearen sustraiak Gipuzkoan" eta "Praileatz I haitzuloko Madeleine aldiko zintzilikarioak" (Bertan Bilduma).
Goi Paleolitoa
Duela 15.000 urte inguru hasiko zen paleolitoaren azken aroa, lurraldean arrasto ugari utzi dituena. Aterperik gabeko kanpaleku iraunkor edo behin-behinekoez gain, hegoaldera eta ehiza-eremuei begira dauden kobak bizitoki bihurtzen dira: Aitzbitarte Errenterian, Erralla Zestoan, Altxerri Aian, Langatxo Mutrikun, Ekain, Urtiaga, Ermittia, Praileaitz eta Astigarraga Deban…