Burdin Aroan

Burdin aroko etxebisitza

Herrien barruan, badaude 60 m2 inguru duten etxeak, eta haien barnean espazioak bereizten dira: pertsonenak, abereenak eta jaki eta bestelako gaien biltegiak. Hainbat gai erabiltzen dute eraikuntzan, eta ura gertu daukate –iturrikoa edo eurikoa-. Hortaz, pentsa liteke erosotasun maila jaso samarra zutela

Herri harresituak

Neolito aroak benetan iraultza erakarri zuena landareen eta abereen etxekotze prozesua izan zen. Nekazaritzari eta abeltzaintzari esker, lehen biziraupena bermatzen zuten jardunbideak (ehiza, fruitu, onddo-perretxiko, belar eta sustraien bilketa, arrantza eta itsaski bilketa), bizimodu nomadari lotuak, osagarri izatera mugatzen dira. Zeramikak lehenik, eta metalen fundizioak gero, (kobrea eta brontzea) bizimodu berria sustatu. Zelten eraginez burdingintza Kristo aurreko lehen milurtekoan sartu zen.

Harresidun lehen herriak sortzen dira, ingurune zabal bat kontrolpean izateko modua ematen duten eta erraz defenditzen diren toki garaietan. Gipuzkoako barnealdean zortzi herri harresidun aurkitu dira, beren artean tamainaz eta garrantziaz oso alde handiak dituztenak; haietako lauk lerro bat osatzen dute Oriako haranean (hona hemen erakusten dizkigun mapa elkarreragilea), hots, Mendebal Europaren eta Iberiar Penintsularen arteko pasabiderik inportanteenetako batean. Aurkitutako aztarnek (tartean badaude zeramika zeltiberiarrak eta Europa erdialdeko tipologiako harribitxiak) baieztatzen dute nolabaiteko merkataritza egiten zela oso urrutiko herrialdeen artean (Begiratu irudi galeria mapa elkarreragilea barruan)

Kulturen elkarbizitza

Herri hauetako batzuk garrantzi handikoak izanagatik, ez da erromatarren eragina iradoki lezakeen aztarnarik batere aurkitu; beraz, pentsatzekoa da arian-arian hustu egin zirela, eta biztanleak haran barrenetara edo kostaldera lekualdatuak zirela erromatar armadek kantabriar gerren ondotik (29-19 urteak K.a.) Penintsula osoa behin betiko konkistatu baino lehen.

Azken 20 urte honetan egindako ikerketa arkeologikoek agerian uzten dute harresidun herrion kultura hau eta hileta-eginkizunak harrespiletan adierazten zituen beste kultura bat bizikideak izan zirela. Berez ez ziren bateraezinak, zeren eta bataren aztarnak bizitokiak baitira, eta bestearenak, berriz, heriotzari lotutakoak; baina geografikoki ez datoz bat, alegia, harrespilak dauden tokian harresidun herririk ez dagoenez (egia esatera, harrespil-egileen bizitokien berririk ez dago), eta harresidun herrietan harrespilik ez dagoenez (bide batez esanda, bestelako hileta-eginkizunik ere ez da aurkitu), bada, auzoko bi kultura desberdin zirela ondorioztatzen da: harrespilen eremua bat-batean bukatzen da Leitzaranen, Andoainen, eta herri honetatik Pirinio aldera hedatzen da, Andorraraino; baskoiak izan zitezkeen gizaki-talde baten adierazpidea dela uste da. Harresidun herriek, ordea, harrespilen eremuaren ertzean zabaltzen dira, bai Gipuzkoan, (Buruntza, Andoainen bertan) bai Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan ere, Pirinioen iparraldean.

Excavación arqueológica del castro de Munuandi

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarpidetzaHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAPROBAKIRITZIA